Mirentxu IRIBARREN
Elkarrizketa
LEIRE REBOLE
ZANGOZA IKASTOLAKO ZUZENDARIA

«Kalitatezko zigilua lortu genuen eta horretan jarraitu behar dugu»

Igandean Nafarroa Oinez ospatuko dute Zangozan. Leire Rebole bertako ikastolako zuzendaria da. Aurten, 20 euroren truke metro birtualak erosteko aukera eman dute antolatzaileek ibirtualaoinez14@zangoza-ikastola.org helbidera idatziz.

Nola ekiten diozue aurtengo Nafarroa Oinezi??

Izugarrizko ilusioarekin eta gogo handiz. Momentu honetan azken txanpan sartuak gara eta geratzen zaizkigun indar guztiak Nafarroa Oinez egunean jarrita ditugu. Jarduera asko prestatu ditugu urtean zehar, baina dudarik gabe hilabete hau izango da garrantzitsuena. Gure itxaropen guztiak urriaren 19an jarrita ditugu.

Zer helburu duzue aurtengo edizioarekin? Non inbertituko da dirua?

Zangozaldean euskara eta euskal kulturaren sustapena izan da gure helburu nagusia, azkeneko 35 urteetan bezala, eta hori aurrera eraman dugu urtean zehar antolatu ditugun jarduerekin. Euskara kaleratu dugu eta bere normalizaziorako beste pauso bat eman dugu. Hala ere, ezin dugu ahaztu alderdi ekonomikoa, eta edizio honekin hiru helburu lortu nahi ditugu: Proiektuaren iraunkortasuna ziurtatzea, eraginkortasun energetikoa lortzea eraikinetan eta, hirugarrenik, kalitatezko hezkuntzarekin hartutako konpromisoa betetzea. Beraz, dirua hiru arlo hauetan inbertituko dugu: lehenik eta behin, gure ikastola proiektuaren iraunkortasuna ziurtatzean. Horretarako, Haur Hezkuntzako eraikin berriaren mailegua ordaindu beharko dugu. Bigarrenik, gure eraikin zaharrean egin beharko ditugun hobekuntzetan, energia aurrezteko. Eta azkenik, kalitatezko hezkuntza ziurtatzeko, hainbat alderditan inbertituko dugu; formakuntzan, baliabide materialetan, etab. Izan ere, kalitatezko ikastetxea garela ziurtatzen duen zigilua lortu dugu eta bide horretan lanean jarraitu behar dugu gure berezko eta eleanitza den proiektu pedagogiko honetan.

Jendearen erantzuna espero duzue?

Bai, noski. Zalantzarik gabe. Orain arte eta urte osoan zehar jendearen erantzuna positiboki baloratu dugu eta Nafarroa Oinez egunerako ezinbestekoa dugu. Izan ere, ikastola txikia gara, familia guztiak egongo gara lanean, baina kanpoko jendea beharko dugu behar guztiei aurre egiteko eta, noski, guztien artean prestatuko dugun egunaz gozatzeko gogoz jende ugari etortzea espero dugu. Hau irakurtzen duen pertsona orori egin nahi diogu gonbidapena. Guztion laguntza eta parte-hartzea behar dugu.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Zangozaldean? Badira trabak eta oztopoak?

Euskararen egoera asko aldatu da azken 35 urteetan. Hala ere, normalizazioan jarraitu behar dugu lanean, zalantzarik gabe. Gaur egun Zangozaldeko herri guztietan bizi da jende euskalduna, eta gehienok euskara ikasi dugu ikastolako ikasleak izan garelako. Hala ere, gure eremuan, eremu erdalduna izanik, esfortzu handia egin behar izaten dugu euskara kalean entzuteko; zorionez, aurten askotan lortu dugu eta Zangozaldeko jendearen erantzuna ezin hobea izan da.

Alde positiborik?

Alde positibo bezala aipatu beharra dago Zangozaldeko herrietako udaletatik eta Mankomunitatetik jaso dugun laguntza. Guztien erantzuna izan dugu, bakoitzak bere neurrian emandakoa. Baina, batez ere, Zangozako Udalak emandako laguntza goraipatu nahiko nuke. Zerbait eskatu dugun bakoitzean, erraztasunak baino ez ditugu jaso eta horrek bidea asko zabaldu digu.

Zangozako ikastolan ikasi zenuen. Zer balorazio egiten duzu ikasle ohia izanik?

Nire aita 15 urtez Gipuzkoan bizi izan zen eta handik bueltan eta nire amarekin batera, argi izan zuten beraiek izan ez zuten aukera emango zigutela nire ahizpari eta niri, euskara ikasteko aukera, eta nahiz eta momentu horretan egoera eta lekua hoberenak ez izan, dudarik ez zuten izan eta ikastolan hasi ginen. Urte dezente pasa dira eta gizartea asko aldatu da, baina horretan jarraitzen dugu, gure seme-alabei euskara eskaintzeko aukera ziurtatu nahian.

Eta zenbat denbora daramazu Zangozako Ikastolan?

Hau nire zazpigarren urtea da ikastolako irakasle lanetan eta laugarrena, zuzendaritzan. Momentu desberdinak izan ditut, baina oso positiboak izan dira niretzat gehienetan. Oso talde ona osatzen dugula uste dut eta proiektuaren iraunkortasuna lortzeko borrokan urteak daramatzagun arren, ilusio berarekin jarraitzen dugu. Aurtengo esperientzia, gainera, izugarria izan da. Nafarroa Oinez urtearen antolaketa. Eta proiektu honen parte izateaz harro sentitu behar dugula uste dut, zalantzarik gabe.