Jon GARMENDIA Idazlea

«Kaxa hutsak»

Kaxa hutsak», istorioz betetzeko, etxetik ihes egin behar izan duten euskaldun askoren historia haien barnean kabitzen ote den jakiteko. «Kaxa hutsak», estalkia kendu, eta barnean behatzeko, iluntasunari argia ezartzeko. Tabuak, tabu izateari utz diezaion, misterioak, xarma ematen dion sufrimendua gainetik ken dezan. Debekatutako hitzek ez ditzaten ahoak bete. Jakin-nahiak jakitate bilaka daitezen. Ahanzturak lurperatutako eremuetatik memoria berreskuratu eta errealitate baten kontakizunaren lagin bat baita «Kaxa hutsak», korapilo baten ertzak erakusteko ahalegin xumea. Erbesteari hitzak jarri bazaizkio ere, aurpegiak ere jarri behar zaizkiolako. Bostok Photo Agency dago ekimenaren atzean, begiekin ikusten dutena izozteko gai diren argazkilari euskaldunen agentzia. Euskal iheslari politikoen esperientzia agertzeko moduaren xerka dabiltza. Helduko dira proiektu gehiago, ezinezkoa baita hainbeste jenderen bizipenak eduki bakarrean agertzea. Baina laguntza eskatu dute proiektua aurrera eramateko; diru eske dabiltza. Ene hitzak izan daitezela haren lortzeko publizitate. «Exílio é se esconder num armário com medo de que alguém o abra e com medo de que ninguém o abra nunca mais», Joseba Sarrionandiaren «Propostas para o definiçao do exilio» poematik ateratako hitzak irakurri ditut proiektuaren atal batean. Eta Mikel Ibargurenen «Deserriko karrikak» liburuko olerki batekin oroitu naiz: «Barda, bakardadeak behatu zintuen bi begiokin. Sudurra kristalaren kontra zapaldurik zuela, liburu bat hartu, eta ohean sartzen ikusi zintuen. Horixe baino ez da exilioa: bakartasunean ohera daramazun liburua, eta liburuan ageri den ohe bakartua». Eta idatzi honen argiak itzaltzerakoan, argitaratu gabeko ene poema bat ere gogoratu dut: «Amak besoetan hartzen ninduela oroitzea/ hori da erbestea/ besoetan berriro/ ez nauela hartuko jakitea». Gaur, erbestea, «kaxa hutsak betetzea» ere badela idatziko nuke.