GARA GASTEIZ

«Ardura» eskatu dio GHK-k Lakuari Zubietako TMB plantari baimenak ematean

GHK-ko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek bilera izan zuten atzo Gasteizen Lakuako Ingurumen ordezkariekin, Zubietako tratamendu mekaniko-biologikoko plantaren dokumentazio osagarria aurkezteko. Bilera hasi aurretik, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak esan zuenez, «ziur» daude azpiegitura horrek Exekutiboaren Ingurumen Baimen Bateratua izango duela. Hala ere, «interes politiko eta elektoralak direla medio, baimena atzeratu nahi izateko tentazioa sumatu» zutela esan zuen Errazkinek.

Aldundiak hondakinak kudeatu eta tratatzeko planaren baitan, Zubietako TMB planta hondakinen zikloa ixteko funtsezko osagaia da. Bultzatzaileen aburuz, Bergara eta Azpeitiko konpostatze plantekin eta materia inertizatuarentzako Zestoako gordetegiarekin batera, «erantzun integrala eta iraunkorra emango dio hondakinen arazoari».

«Erraustegiaren proiektuari Ingurumen Baimen Bateratua eman bazioten, ez dago inolako justifikaziorik Zubietako TMB plantaren Ingurumen Baimenarekin jolasean aritzeko, emisio guztiak aurreko proiektuaren azpitik, oso azpitik, kokatzen baitira», adierazi zuen Errazkinek, eta gizarteak ez lukeela ulertuko Lakuak eman behar duen baimena atzeratzea.

Bilera normaltasunez egin zela baieztatu zuten foru iturriek, baina kexu ziren dokumentazio osagarriaren eskaerak baimena jasotzeko edo ez jasotzeko unea hilabete atzeratu duela-eta. Hortaz, oraindik aste batzuk itxaron beharko dira Urkulluren Gobernuaren jarrera zein den ezagutzeko.

Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakaria ere bertan izan zen, eta harrituta agertu zen informazio osagarriaren eskaerarekin, Lakua erraustegiarekin baina zorrotzagoa izaten ari dela gaineratuta.

Zubietako proiektua prest dago eta Ingurumen Baimen Bateratua eskuratu bezain pronto, esleipen publikora ateratzeko prest. Aurreikusitakoa betez gero, 2015eko urte amaierarako jardunean egon liteke.