Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Gizarte kultura

Familia da askorentzat gizakiaren oinarrizko antolakuntza egitura. Euskarak berak ez dauka kontzeptu hori adierazten duen ordainik, «sendi» neologismo sabindarraz besterik. Zein emankorra izan zitzaion -di/-ti atzizkia gure Sabinori. Euskarak «etxekoak» kontzeptua ezartzen du gizarte antolakuntzaren oinarrian. Lehenagoko garaietan «leizekoak» izan zitekeena. Odolkidetasunaren lekuan espazioa ageri da. Badakigu «etxekoak» ez direla odolkideak soilik eta odolkide guztiak ez direla etxeko.

Gure gizarte tradizionalari buruz Barandiaran, Manterola, Satrustegi, Arregi, Humbolt eta beste jakintza handiko etnografoek deskribatutakoa irakurri eta norberak grina ikertzaile txiki bat izanez gero, aisa ikus liteke gure arbasoek euskal gizartea adreiluen lekuan etxeak zeuzkan etxe legez eraiki zutela. Etxetik auzora, auzotik herrira, herritik eskualdera...

Erdi Aroan euskaldunok sortu genuen estatuak, Nafarroak, egitura horren maila guztiak babesten zituen bere legeetan. Zalantzarik duenak idatzi juridikoetara eta oraindik gure garaietan bizirik irauten duten antolakuntza haren hondarrei begirada luzatu besterik ez dauka.

Behetik gora eraikitako mailakako antolakuntza eredu hori guda karlisten ostean zartatu zuten. Baina euskal gizartearen kultura politikoak logika berberaren ildotik eraiki zituen ikastolak diktaduraren garai beltzetan. Estatuak bere gain hartzen ez zituen funtzioen alorrean mantendu izan da euskal gizarte kultura.

Estatutuek zentralismo arrotzarekiko mesfidantza apaldu eta euskal instituzioak gizarte beharrizanetarako tresna balekotzat hartu ditu gizartearen gehiengoak azken 35 urteetan. Auzolanean egin ohi zena publiko bihurtu zen, estatuaren esparrua, bulego zentraletatik etxeko atariraino zabalduko zen.

Orain estatuak, administrazio publikoak, argi diosku etorkizunean batek dakiela eskubide zirenak (hezkuntza, osasungintza, kultura...) zein mailatan babestuko dituen.

Euskal gizarteak, bere burua antolatzeko bitartekoak ipintzeko ohiturarik gabe, auto-antolakuntza kultura galduta eta siku dagoen Estatutuaren erroari tiraka amaitzeko arriskua du.