Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren onespenak

Musikaren inguruan hitz egiten denean zenbat bider galdetuko zion musikariak (edo managerrak, edo diskoetxekoak, edo entzule arruntak, edo segitzaile porrokatuak, edo etsai zakarrenak) bere buruari zergatik musika sorkuntza batek izan dezakeen ibilbidea (edo ez), onespena edo arrastaka joatea. Bati baino gehiagori entzun zaio egungo sorkuntzak ez duela zerikusirik iragan gertuan egindako musikarekin. Beste hitzekin esateko, gaurko musikak sorkuntza krisia duela. Talentua duen musikarik ez legoke musikariak ez balu izan abestia egiteko une zehatz horretan zegokion talentua. Musikari buruzko aldizkari, egunkari eta artikuluetan kontrajarriak diren iritziak irakur daitezke. Batek daki non dagoen arrazoia! Ez batek, ez bik, ezta hiruk ere. Bakoitzak bere iritziak izango ditu. Talentuen krisia edo krisiaren talentua. Biak ala biak elkarrekin bizitzeko jaio dira. Milaka izan daitezke anekdotak. Musikaria bere talentuaren bila joatea eta ez aurkitzea hutsunea baino gitarra eta orri zuriaren aurrean. Edo behin onespena lortu zuen abestiaren sorkuntzan erabilitako modu berberak errepikatzea (tokia, egoera, osagaiak...) balizko talentua berreskuratzeko hurrengo onespena izan zezakeen melodia idazteko. Bidea, ordea, ez daki inork. Zenbat musikarik besteen abestiaz esan du a zer-nolako simaurra edo kaka zaharra den. Ez dago erdibiderik, ezta pentsatu ere! Gauza bat kaskarra izan daiteke, baina esatea «una puta mierda» pasatzea da. Esapide kategorikoekin ezin da joan urrutira, kirats nazia dutelako. Ezin da hurkoarena pikutara bidali norberarena balioz beterik edukitzeko norberaren pulpituan. Betidanik onespen gutxiko prediku-aulki gehiegi musikaren aldare nagusian.