Jon LEUNDA
Elkarrizketa
Iñaki AZURMENDI
AIZKOLARIA

«Faborito izateak ez dit presiorik sortzen, baina herrian jokatzeak zerbait bai»

Iñaki Azurmendi da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta etzi eguerdian, 12.00etan, bere herrian, Beasainen, defendatuko du txapela. Hirugarren aldiz garaipena lortzea amesten du, bere kideen aurrean eskuratzea ederra izango delako. Hala ere, faborito gehiago ere ikusten ditu goierritarrak.

Azurmendirentzat igandekoa oso final berezia izango da. Txapela defendatzea egokitzen zaio, eta bere herritarren artean, gainera. Irabazteko faborito nagusietako bat izango da, gainera.

Nola zaude igandeko finalaren aurrean?

Ongi. Udan izan nituen arazo fisiko batzuk, baina azkenean gainditu ditut, eta une honetan ongi ikusten dut neure burua. Azkeneko entrenamenduak onak izan dira, eta jokatzeko gogoarekin nago.

Faborito izateak presiorik sortzen al dizu?

Ez, oraingoz ez. Uste dut badaudela faborito gehiago ere, beraz, hor ibili behar dut borrokan. Agian herrian izateak sor dezake presio apur bat, baina gainerakoan nahiko lasai nago.

Etxean aritzeak presioa sortzen dizu, orduan?

Orain arte nahiko lasai egon naiz, baina hemen herrian izanda, azkenean denek galdetzen dizute igandekoari buruz, eta azkenean, nahi gabe ere presio hori nabaritu egiten da. Ea finalera nahiko lasai joaten naizen.

Nola ikusten dituzu igandean zure aurkariak izango direnak?

Nik uste dut denak daudela ongi. Atutxa oso indartsu ikusten dut eta bera ere faboritoen artean egongo da. Unai Otaño ere ikusi beharko da nola dagoen. Hark ere udan arazo fisikoak izan ditu, nik bezalaxe, baina orain uste dut ongi dagoela, eta horrela joaten baldin bada, lan asko emango du. Olasagastik ere badakit berea egingo duela, eta hura ere arriskutsua izango da, baita Joseba Otaegi eta Jon Irazu ere. Finala estua izango delakoan nago ni.

Kanporaketatik, gorantz egin al duzu?

Bai, nabarmen esango nuke. Aurrez esan bezala, uda nahiko bihurria izan da, baina orain hori gainditu egin dut, eta gero eta hobeto ikusten dut nire gorputza, baina pentsatzen dut gainerakoek ere horrelaxe egingo zutela eta denak ere sasoi onean joango garela.

Bi txapel irabazi arren, oraindik zenbaitzuek zure maila zalantzan jartze hori ez al da amorragarri samarra?

Egia esan, orain ez diet kasu gehiegirik egiten, azken batean bai baitakit egiten dudana egin, gauza bera esango dutela horiek. Azkenean bi txapel irabazi eta hainbeste urtetan finaletan sartzea ez da kasualitatea, eta ni horrekin geratzen naiz.

Nafarrik gabe final bat jokatzea ez al da bitxia egiten?

Dudarik gabe, baina aurten horrela egokitu da. Nazabal ez izatea pena bat da, eta beti izaten da penagarria aurkari bat min duelako aurrean ez izatea. Pentsatzen dut hor izen handi batzuk desagertu direnean, Nafarroan apur bat maila jaitsi dela, baina gazte onak badatoz, eta agian datorren urtean gauzak erabat aldatu daitezke.

Ba al dago girorik Beasainen?

Bai, bai, handia. Azkenean jende asko ari da igandeko saioari buruz hizketan, eta hori beti izaten da oso garrantzitsua. Sekula aizkora saio bat ikusten izan ez den jendea ere izango da etziko finalean, eta uste dut oso giro polita izango dela.