GARA DONOSTIA

Kupela taldeak «Eutsi goiari» lan berria kaleratu du

Angel Larrañaga eta Xabier Alberdi Zabale bueltan dira. «Eutsi goiari» izeneko bosgarren lana eman du argitara Kupela taldeak. «Bere formula amaigabea erabili dute, beste behin, eurek bakarrik sortzen dakiten zapore autentikoa lortzeko», nabarmendu dute Elkar diskoetxeko arduradunek.

Aitor Furundarenaren eta Mikel F. Krutzagaren ekoizpenarekin eta laguntzarekin burutu dute diskoa, «sekulako lan alai eta, era berean, sentikorra».

Dagoeneko zehaztuta dituzte lan berria aurkeztuz eskainiko dituzten saioak. Azaroaren 1ean Aiako Aristerrazun (18.30) joko dute. Azaroaren 11n Amasan izango dira eguerdi eta arratsalde partean. Hil berean, 14an, Algortan arituko dira giroa alaitzen. Eta abenduaren 13an Azkoitian egingo dute erromeria, 23.30ean. Zaleak zain izango dituzte.