Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Iparrorratza, horratx!

Hain da askotarikoa Euskal Herriko dibertsitatea! Ez, orain ez nago Asiako liztorraz; vespa velutina lagunen artean. Gure iparraz eta hegoaz nago. Nire orratza gero eta gehiago da iparrorratza, gure iparra erakusten baitio hego honi. Jakina, Afrikara banindoa, ez misiolari prezisamente, orratzak beste norabide batean bilatu beharko luke hangoen geroak merezi duen ipar etikoa, ipar geografikoa ez den beste nonbaitetik. Tira, bueltan gure herrira! Egunotan hemendik ibili dira prozesuaren hainbat kontutan bitartekari direnak, kontuon egoera zertan den kontu-kontari. Finean, zuloak behingoz estaltzeko diren oztopoak ikusgai jarrita. Eta horiek horretan diharduten bitartean, Eusko Jaurlaritza zulo berriak zabaltzen, ohiko ezustekoen teoriari helduta. Itxura batean, tunelgintzan innobatu nahi, 4.0 edo, eta hara!, apustu berean bi zulo, horizontala bata bertikala bestea. Diseinuzkoa lehena, ez hainbeste bigarrena. «Tuneleko aireak arnasa har dezan!», pentsatuko omen du ingeniariren batek, «goiko baserritarrari landatzeko zuloa eginda utzi diogu!», gehituta. Hor konpost! Amen.

Total, ondorio bi atera ditut nik aitaren batean. Bata, zulotan asko eta askotarikoak ditugu hemen, landa eremuan ez ezik, alderdi batzuen hiriko egoitzetan bertan ere; ez, ez nago autoez, hiriko esatean. Bestea, tuneletan ere larregi, edonon, politikan batez ere; ez ote da diskrezioa tunel mota bat? Tunel berezia; izan ere, hitzen zirkulazioa oztopatzen du. Harira, demontre! Gure iparrean hor azaldu berri dira indar bizi guztiak batera, erdi hilak diren batzuk berak ere, mahai baten bueltan, iparrorratz argiarekin. Hego honetan, ostera, edo diren indar guztiak ez dira hemen bizi edo hemen bizi diren guztiak ez dira indar, jainkoak berak baleki! Edozelan ere, egozentrismoa nagusi hego honen mendebaldean zentro izatea helburu dutenengan.

Orria pasa eta horra! euskarazko medioei Lakuak emandako diru-laguntzena ikusi dut. Irizpideen innobazioa! Jakin beharko lukete Jaurlaritzakoek lakuek behar beste ur behar dutela dibertsitatean bizirauteko, indarra hortixe hartzen baitute. Tira, diru horri laguntza esatea ere! Zein dute orratz? Ia esan liteke, honetan ere, Lakuak zuloak handitzea bilatzen duela. Horra Pozoiktibity-rako hurrengo gaia! Horixe bai innobazioa!