GARA

Arraizen aurkako auzia artxibatu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Epailearen iritziz, Hasier Arraizek ez zuen «terrorismoa goratu» 2013ko azaroaren 18an Bilbon Santi Brouard eta Josu Muguruzaren alde egindako omenaldian. Sortuko presidenteak duela 35 urte ezker abertzaleak Konstituzio espainolari emandako ezetzari buruz hitz egin zuela onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Halaber, Guardia Zibilaren jarrera kritikatzen du, agenteek Arraizen hitzen interpretazioa egitean beren funtzioetan neurria gainditu zutela esanez.

Hasier Arraizek ez zuen «terrorismoa goratu» 2013ko azaroaren 18an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren aldeko omenaldian. Hori ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Sortuko presidentearen aurkako auzia amaitutzat jota. Dena den, «Dignidad y Justicia» elkarteak ebazpenaren kontrako helegitea aurkezteko aukera du.

Epailearen esanetan, Arraizek ezker abertzaleko kideen hilketen urteurreneko ekitaldian esandakoa ez da delitua. Zehazki, duela 35 urte ezker abertzaleak egindako hautu politikoa egokia izan zela adierazi zuen legebiltzarkideak. «Gure akats eta guzti, izan ginena eta garena, egin duguna eta egiten ari garena aldarrikatzen dugu», azpimarratu zuen.

Arraizek ezker abertzaleak duela 35 urte Konstituzio espainolari emandako ezetzari buruz hitz egin zuela onartu du epaileak, politikariaren adierazpenak «anbiguoak» eta «ezegokiak» izan zirela azpimarratuta. «Kronologiak haren bertsioa berresten du, Konstituzioa onartzeko egin zen herri galdeketaren urteurrena ospatu baino lehen egin zituelako epaitzen diren adierazpenak. [...] Ezker abertzaleak aipatutako kontsultan Konstituzioaren kontra bozkatzeko eskatu zuela gogoratu beharra dago».

Halaber, adierazpenak era ezberdinetan uler daitezkeela nabarmentzen du. Dioenaren arabera, ezin da esan Arraizen hitzek «terrorismoa justifikatzea zutela helburu, Sortuko presidentea delako» . «Nire ustez, zuzenbide estatuaren kontra jokatzen du hori onartzen duen doktrinak», azaltzen du ebazpenean.

Guardia zibilaren txostenak

Guardia zibilaren jarrera ere kritikatzen du epaileak. Azaltzen duenez, EAEko Auzitegi Nagusira bidalitako txostenetan, agenteek beren funtzioetan neurria gainditu zuten Arraizen hitzen interpretazioa egitean. «Txostenak egin zituzten guardia zibilen iritzia gainditzen duten oharrak agertzen dira testuetan».

«Harrigarria da, baina txostenetan Guardia Zibilak nahasten ditu ETAren dokumentuak Sorturekin zerikusia duen informazioarekin», esan du, epaitzen diren adierazpenek ezker abertzaleak duela 35 urte hartutako erabaki zehatz batekin lotura dutela ohartarazi ondoren. «Erabaki zehatza epaitzen da, eta ez azken 35 urteetan ezker abertzaleak izan duen jarrera», gaineratu du.

Era berean, Bilborock aretoan gertatu zena azaltzen duten txostenek garrantzi txikia dute, epailearen iritziz. «Beraien helburua ez da argi geratzen, kausa orokorra ezartzea ez bada. Eta horrek ez du lekurik sistema demokratiko batean», dio.

Politikari abertzalearen hitzak epaitzen diren bigarren aldia da. Apirilean Instrukzio Auzitegiak ere artxibatu egin zuen auzia, baina «Dignidad y Justicia»-k helegitea aurkeztu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak onartu. Oraindik ere elkarte horrek Auzitegi Gorenean helegitea aurkez dezake.