Maider IANTZI

Auzotarrak isilaraziz onartu du oposizioak donostiarren partaidetzarako araudia

Donostiako hogei auzo elkarteetako ordezkariak udalbatza aretoan zutik, zuzenean eraginen dien eta eurei deus galdetu gabe egin den barrutien proposamena gaitzesten. Eta alkatea hitza eman nahi eta ezinean, oposizioak ez zuelako onartzen. Batzarraren irudia izan zen.

Puntuz puntu eta eztabaidaz eztabaida Donostiako udalbatza lasai samar zihoan aitzinera 8. gaira iritsi arte: «Barrutien organo araudiari hasierako onarpena ematea». Hiria lau barrutitan zatitzeko oposizioak egindako proposamena ez dute ez Udal Gobernuak ez auzo elkarteek partekatzen. Hogei elkarteek ezohiko argazkia osatu zuten duela astebete, «inongo eztabaidarik gabe» aurrera aterako zen egitasmoa aho batez gaitzetsiz, eta atzo batzarrean izan ziren, euren ahotsa entzunarazteko.

Talde politiko bakoitzak bere ikuspuntua azaldu eta puntua bozkatu behar zutenean, publikoan eserita zeuden auzotarren ordezkari batek hitz egiteko baimena eskatu zion alkateari. «Hogei auzo elkarteek joan den asteko agerraldian planteatu genuena berretsi nahiko nuke», adierazi zuen. «Auzo elkarte guztien izenean ari zara?», interesatu zen Juan Karlos Izagirre. Eta baietz erantzun eta udalbatzarrera etorritako kideak aulkietatik altxatu ziren.

PSE, EAJ eta PPko zinegotziak kexaka hasi ziren orduan: araudi bat dagoela eta errespetatu egin behar dela, mahaiko presidenteak inpartziala izan behar duela eta ez dela «inoiz» hala, eta abar. «Nik ezin dut hitz egin eta gainerakoek bai!», bota zuen PSEko Ernesto Gascok, denboraz kanpo hizketan hasi eta moztu ziotela-eta. «Ulertzen dut ez zaudetela ados hitza ematearekin, baina udalbatzarra ze ordutan bukatuko den kontuan hartuta...», segitu zuen alkateak saiatzen, baina oposizioak ezetz, batzarreko azken puntua bukatu arte ezin zaiela hitza eman dioela araudiak. Orduan, auzotarrek alde egin zuten.

Partaidetza ez dira helegiteak

Auzo elkarteetako kideek pasilloetan azaldu zioten gero GARAri eurentzat parte-hartzea kultura bat dela, prozesu bat, eta proposamen bat onartu aurretik herritarrei hori aldatzen utzi behar zaiela.

«Partaidetza ez da onartuak edo baztertuak izan daitezkeen helegiteak aurkezteko aukera. Badirudi legitimitateen arteko talka bat dagoela, baina gure iritziz, biak, alderdi politikoena eta auzotarrena, bateragarriak dira», agertu zuten. Orain, elkarte guztien artean hurrengo pausoa zein izanen den adostu behar dutela jakinarazi zuten: proposamenari boikot egitea, helegiteak jartzea...

Bitartean, areto barrenean, taldeak hurrengo puntuarekin ari ziren: «Behin-betiko onartzea Oroimen Historikoaren Kontseiluaren araudia». PPrena izan ezik, gainerako guztien oniritziarekin atera zuten aitzinera organoa, memoria lantzeko Euskal Herriko udal batek martxan jartzen duen lehena. EAJk, PSEk eta Bilduk bat egin zuten, nahiz eta desadostasunak izan, adibidez kronologian. Udal Gobernuak ez zuen Kontseiluaren jarduna 1936-1975 aldira mugatu nahi, Franco hil bai baina «bere ondorengoek han jarraitu zutelako», baina EAJren borondatez epe horri begiratuko dio organoak.

Ondotik, hiriko kale batzuen euskarazko izenak onartu zituzten, eta gauza bitxia gertatu zen hemen. Hasieran guztien adostasunarekin egin behar zena, PPren kontrako bozekin egin baitzen. Konpondu ezin izan zuten forma kontu bategatik botoa aldatu zuen alderdi honek.