Jon GARMENDIA
Idazlea

L'escriptora dels somnis

«Gaur, bozkatu egin dut ordea. Borrokan arima utzi zutenen alde. Borrokatzeagatik kartzelaratu eta hil zituzten ene senitarteko guztien omenez»

Ametsen idazlea. Montse Flores Pallares. Hitzen jostuna, emozioen sortzailea. Ikasketaz filologoa eta lanbidez hizkuntza irakaslea bigarren hezkuntzako zentro batean; boluntarioki, integrazioan lan itzela egiten duena. Bestalde, FC Barcelonaren La Masian, Centre de Formacio Oriol Tort-en, literatura kudeatzen du. Berriki, Gaumin argitaletxeak bere «L'aigua del Rif» argitaratu du euskaraz. Horra irakurtzeko gonbita.

Aspaldiko laguna dut, eta estimu handia diot. Atzo, sentitu zuena idazteko eskatu nion, egun berezia baitzen beretzat, eta bere hitzak dakartzat hona euskarara itzulita: «Gaur, lan egiten dudan institutuan bozkatu dut. Langile auzo batean. Nire aitaren familia etorkina beso zabalik hartu zuen hirian. Zoriak nahi izan du irakasgai gehienak eskaintzen ditudan gelan bozkatu izana. Ikasgela horietan, ikasleei beren kabuz pentsatzen laguntzen diegu, kontzientzia kritikoa piztu eta ahots propioa duten hiritar gisa bizi daitezen. Gudu zelaia eremu askotan aurki daiteke, baina borroka gure baitatik sortzen da. Nire seme zaharrenak lehen aldiz bozkatu du, eta bozkatu nahi zuten asko jadanik ez daude. Denetarik entzun dut aste osoan. Errespetua agertu didate batzuek, nire inguruko jendeak harridura ere agertu dit ordea, pertsona solidario eta konprometitua naizela esaten didate, eta ez dute ulertzen ni hausturaren alde egotea. Gaur, bozkatu egin dut, ordea. Borrokan arima utzi zutenen alde. Borrokatzeagatik kartzelatu eta hil zituzten ene senitarteko guztien omenez. Desobedientziarekin herri bat eraiki zutenengatik. Demokrazia berriro balorez betetzeko egin dut. Inork ezin du herri baten ahotsa isilarazi. Dei nazazue ameslari, edo zoro.

»Zorotasunak ematen didan argitasunak bizirik sentiarazten nau. Beldurrak geldiarazten gaituela ikasi dugu, eta guk ez dugu beldurrik. Munduari erakutsi nahi diogu aske izan nahi dugula, edukazioz, elkarbizitzatik, poztasunetik. Desiratzen dugun guztia, aurrez, amestu egin behar dela».