Jon GARMENDIA
Idazlea

Katedrala

Antzerkigintza klasikotik urrunduta, erromantikoari eutsi zion Victor Hugok 1830ean «Hernani» antzerkiaren estreinaldiarekin. Iskanbilatsua izan zen gainera, erromantikoak eta klasikoak elkarri mokoka jardun baitziren nor gailenduko. Hamalau urte berantago, Venezian estreinatu zuen Giuseppe Verdik Hugoren sorkuntza, «h»-a kendu, «Ernani» izena eman, eta opera bilakatuta.

Inoizko idazle frantsesik onenetakoak, artean, ez zuen Euskal Herria ezagutzen, umetan, aitarekin igaroak zituen euskal lurrak Madrilerako bidean, eta 1843an, bigarren bisitan Pasai Donibanerekin maitemindu eta Euskal Herriaren maitale bilakatu zen. Aitzineko ezezagutza horrek eramango zuen ziurrenik, Hernani, deserritutako bidelapurra, eta Doña Solen maitasun istorioa Aragoin kokatzera.

Zernahi gisaz, argitaratze uneko iskanbilak mingotsa sortu zuen bere baitan, Adèle emaztearekin bereizi zen bestalde, eta tristurari aginterik eman gabe, bere obra ospetsuenetakoa den «Notre-Dame de Paris» eleberria idaztera jarri zen. 1831n eman zuen argitara. Bertan, estilo gotikoa duen katedralean babesturik bizi den konkordun gor baten istorioa lantzen du, Quasimodorena. Mozorro gau bat profitatuz, Esmeralda dantzari ijitoak katedralera iristea lortzen du, Parisen sartzea debekatua zuten bera bezalakoek, baina Quasimodoren laguntza ukan zuen, eta biek artxidiakonoarena. Eliza katolikoa ahulenen alde ageri da hor, baztertuekin.

Baionan, XXI. mendean, Sainte-Marie katedralaren aitzinean, Erromako elizarena den tenpluan, etxe gabeko pertsona bat hil da pasa den astean. Zeruaren hurbil infernua bizita. Elizako ateak itxita zeuden gauean. Erre zenetik erromaniko izateari utzita, Parisekoaren gisa estilo gotikoa du katedralak, garai bertsuan berreraikia izan baitzen. Victor Hugok baluke zer idatzia. Eta tokiko agintari frantsesek kasu gehiago egingo liokete gaiari, seguruenik.