Mikel ZUBIMENDI
Kazetaria
IKUSMIRA

Gu garena gara eta ez dugu hori galduko

Ene bihotzeko minkide eta euskal preso poetiko handiak, nire gusturako handienak, igorri zizkidan letra perlak lagun izan ditut beti, eta bereziki egunotan. Santi Brouard eta Josu Muguruza kideak hil zizkiguten egun madarikatu horretan gogoratzen ditut bereziki eta atzo, hurrenez hurren, hogeita hamar urte eta mende laurdena pasatu zirela-eta, behin eta berriz irakurri nituen.

Bai, Santi eta Josu egun batetik bestera mamuak bezalako bihurtu nahi izan zituzten, etxe bateko logelaren bakardadea gaztetzen duen argazki batean, bazkaltzeko prest dagoen mahai bateko ausentzian. Beren zain zegoen jendearen bizi-ardatz ukiezina, ezinbesteko hutsune, enbataren ostean kaira itzuliko ez den arrantzalearen legez, inoiz porturatuko ez diren ohol puska bihurtu nahi izan zituzten. Agindu zehatzak eman zituztenek bi izar haiek itzali nahi izan zituzten, aurpegira irri egiten zietenak, gauez, iluntasuna herri honen gainean, gure ondora, abailtzean, haien oroimen eta ametsei barrikadak ipini nahi izan zizkieten. Izenik gabe nahi zituzten, abizenik gabe, izanik gabe eta sorterririk gabe nahi zituzten. Oker dabiltza, baina.

Hor, nonahi, gauez, aske, izarrak ikus ditzakegu ortzian, irribarre bihurriz, balez ezin zulatuzko irriaz. Askatasunerantz dir-dir egiteko gonbita eginez, barrezka, trufaz, beraiek harrapatzeko alferrikako ahaleginak egiten dituzten ondo hezitako morroiei. Oker, oso oker dabiltza. Izena eta izana badute, eta besteak beste haiengatik gara gu garena. Eta badakigu hori galduko bagenu, galduko ginatekeela ezerezean, dena, oro jaten duen ezerezik krudelenean.

Beren hitzak, beren obra, aholkuak, laztan xarmangarriak bihotzean itsatsirik gelditu zaizkigu. Haien oroimena dugu garaipena, haien ametsaren ildoan segitzen dugu eta, argia amatatzean, burukia estutzean, besarkatzean, hor datozkigu, behin eta berriz, isilean, konplize. Eta madarikatuak izan gaitezen ez badugu askatzen Santik eta Josuk lagatako lekukoaren korapiloa, lan hori gure ondokoei igorri gabe.