GARA

«Gero eta gehiago, gero eta ozenago, independentzia»

Horixe da datorren abenduaren 6rako Independentistak sareak antolatu duen egun osoko ekimen sortaren leloa. Konstituzio espainolaren egunean «gure herriaren askatasuna» aldarrikatzera dei egin dute.

Konstituzio espainolaren eguna independentziaren aldeko egun bilakatzeko asmoa du Independentistak sareak eta egun osorako animazioa eta ikuskizunak antolatu ditu horretarako. 18.00etan martxa berdea abiatuko da Durangoko Landako gunetik «Gero eta gehiago, gero eta ozenago, independentzia» lelopean, atzo aurreratu zutenez. Txutxi Ariznabarreta bozeramaileak adierazi zuenez, abenduaren 6an «gure herriari inposatzen zaion jaiegun espainiar baten aurrean gaude berriro ere. Euskal Herriari bere naziotasuna eta etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea ukatzen dion konstituzio arrotza ospatzera behartu nahi gaituzte era iraingarrian».

Inposizioari desobedientziarekin aurre eginez, egun horretan kalera irten bai, baina Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko izango dela adierazi zuten, «ukazioari» erantzuteko «modurik onena» hori dela iritzita. «Gure etorkizuna askatasunean eraiki nahi dugula adieraziko dugu», berretsi zuten.

Kultura, zutabeetako bat

Abenduaren 6rako egun osoko egitaraua antolatu du sareak Durangon. Animazioa eta ikuskizunak izango dira goizean eta eguerdian, baina ekitaldi nagusia arratsaldean izango da, 18.00etan: independentziaren aldeko martxa berdea. Manifestazioa Landako gunetik irten eta bertan amaituko da, ekitaldi batekin.

Abenduaren 5etik 8ra Durangoko Azoka ospatzen denez, bertan izango da aurten ere sare independentistaren mobilizazioa, eta atzoko prentsa aurreko agerraldian kulturaren eremuko pertsonek parte hartu zuten, hala nola Itziar Ituño aktoreak eta Paddy Rekalde idazleak.

Ituñoren hitzetan, kultura gure herriaren etorkizuna eraikitzeko funtsezko zutabeetako bat da, eta euskal estatuaren eraikuntzan kultur eremutik ere ekarpena egiteko nahia eta konpromisoa dutela adierazi zuen.