Jon GARMENDIA

Besteren ogia

Besteren ogia zen hura, ez berea. Lankidearena zen, edo, lagun eta lankidea zen harena, atal hau ez baitzitzaidan oso argi gelditu Varlam Shalamoven errelatoa irakurtzean, nik, «compañero» leitu nuelako, eta izenordeari ez niolako atentzio gehiegirik eskaini. Lan txandaz aldatu zuten lankidea ordea, eta berarengan konfiantza osoa zeukan, horrexegatik utzi zion ogia, zaintzeko. Eta bera, lo egiteko tokian zegoen, artean, besteak, literetan zeuden, eta bera, ogiarekin hasi zen borrokan. Gose baitzen, gose. Kutxa errusiar batean zegoen ogia, krokodilo larruz estalitako kutxa txiki batean. Lotsaz, inork ikus ez zezan, isilpean, kutxa ireki eta ogia usaindu zuen, askatutako ogi apurrak esku ahurrean batu zituen, miazkatzeko. Ogi mamiari hatz ttipiko azazkalaren neurriko hiru zati kendu zizkion. Ogia burura zetorkion bakoitzean zatitxo batekin asebete, eta lasai egin zuen lo, lankidearen ogia ez zuelako jan. Nehoiz ez baitzuen lasai egingo bestela. Halako zerbait iradokitzen du Shalamov idazle errusiarraren Kolymako errelatoetako batek. Egiazko gertakarien isla dira errelato horiek, troskismoaren alde aritzeagatik derrigortutako lanetara kondenatua izan baitzen idazlea heriotza zuriko lurra deitutako eremuan, Siberian. 30 urte zituen orduan, eta aurrez, 22rekin, hiru urtez bete zuen kondena Ural mendien iparrera dagoen Krasnovishersk-en, Leninen testamentua banatzeagatik, Stalinen aurka. Gulag-a ederki probatutakoa, hotza, bakardadea, gosea, tifusa, denak gainditu zituen Shalamovek, nahiz eta 17 urte igaro zuhaitzak mozten edo mehatzeko jardunean, 3 milioi pertsona baino gehiago hil ziren tokian. Mugako egoeran, oinarrizko guztia falta denean, maitasuna, adiskidetasuna, solidaritatea, eta ulerkortasuna zalantzan ematen dituzten ehundik gora errelato, gorrotoa baino kabitzen ez den giza gorputzean. Kolyma, Shalamov. Eta gure gizartean, oinarrizkoa falta ez zaigun tokian, adjektibo horietatik zenbat falta zaizkigun pentsatzen pasa dut eguna. Edo besteren ogia zenbatetan jaten dugun bestela.