GARA LEKEITIO

Euskal gatazka eta zinemagintza ulertzeko gakoak aztergai Lekeitioko Berbaldian

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 37 urte betetzen ditu aurten eta bilera izaera hori indartzea dute antolatzaileek erronka nagusi. Xedea lortzeko bidean, Lekeitioko Berbaldia antolatu dute estreinakoz.

Bi hitzaldik osatuko dute aurtengo Lekeitioko Berbaldia. Euskal gatazkak zinemagintzan izan duen presentzia eta zinemagintza bera ulertzeko gakoak izango dira aztergai datorren larunbatean.

Film bat ikusi ondoren gustatu izanaren erantzuna bai/ez dikotomiatik urrundu eta irakurketa sakonagoa eskainiko dute Anez Muñoz, Aitor Arregi eta Begoña del Tesok Mikel Garciak gidatutako hitzaldian. Film bat aztertzeko zeri erreparatu aztertuko dute «Zinemagintza ikusi eta ulertu. Nola?» mahai-inguruan (10.30-12.00).

Nork zer kontatu du?

Eguneko bigarren hitzorduak zinemagintzari lotuta jarraituko du. Kasu horretan, baina, euskal gatazka izango da azterketarako arrazoi nagusia.

Josu Martinez zuzendari eta kazetariak gidatuko du saioa (12.30-14.00). «Asier ETA biok», «Lasa eta Zabala» eta «Ocho apellidos vascos» izan daitezke azken denboran euskal gatazkari buruz edo euskal klixeen inguruan egin diren filmetako batzuk.

Nazio biren harreman dialektikoa erakusteko modua, ordea, oso bestelakoa da aipatu adibide horietan, diskurtso desberdineko lanak baitira. Horrez gain, bakoitzak istorio desberdina kontatu du, ikuspuntu zehatz batetik gauza desberdinei erreparatuta. Baina zer kontatu da? Nork kontatu du? Nola?

Zinemagintzak nazio eta identitate eraikuntzan duen eragina kontuan hartuta, euskal gatazka landu duten filmei erreparatuko die Josu Martinezek, «Itsasoaren alaba», «Sagarren denbora», «Prohibido recordar» eta «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentalen zuzendari izan denak.