Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Eskubide eta mesede arriskutsuak

Egunkaria erostea biktimak iraintzea izan daitekeen honetan, baten batek PPko hautetsien gainean, esate baterako, antzeko zerbait esango balu, pentsa zer gerta lekiokeen

Ez da bizarra, goroldioa baizik. Ezin bizarra izan, horren azal gogorrean ezinezkoa baita bilorik haztea. Azal gogorra behar da, ordea, alderdi horretako eta Espainiako Gobernuko presidente izateko. Zaborrak PP jaten duen bitartean, hilabete eta urteetan, tutik ere esan gabe irauteko kopeta itzela eta lotsa gutxi behar dira. Are gehiago jendaurrean agertzen den bakanetan esaten dituenak esateko. Orain hurrengoan desenkusatu egin zen «gauza horiengatik»; atzo, berriz, esan zuen bere alderdia Gobernura iritsi zenean baino zailagoa dela orain ustelkerian erortzea. Ustela izateko bidea erraza denean, ustela ez baita errudun, denok dakigunez. Baina aurrerantzean bai, ustela erruduna izango da, betiere ustel errugabeoi esker.

Asteartean ere zabaldu zuen ahotzarra, eta haren hitz kirastuek adierazi zuten euskal preso politikoei mesede handia egiten dietela beren sorterritik ehunka kilometrora sakabanatuta. Eskerrak egun berean Lakuako eledun Josu Erkorekak gauzak beren lekuan jarri zituen, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eskubidea dela esanez. Segituan, ordea, eskubideak baldintzapeko oparia balira bezala, presoek «bete ez dituzten» baldintzez jardun zuen. Mendebaldeko espiritu-erreserba honetan musulmanak (eta ez nioke inori, are gutxiago neure alkateari, ideiarik iradoki nahi) egunero gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko eskubidea izateko igandero mezatara joan beharko balute, eskubidea esango lioke Erkorekak horri? Ez da dirudien bezain absurdua, zenbait herrialdetako lagun askok ez baitute eskubide hori gauzatzeko baldintza betetzen: beste herrialde batean jaio izana, alegia. Ez da, ez, horren absurdua, orain aspaldi ez dela Erkorekaren alderdiko arduradun bati entzun geniona gogoratuta: euskal presoek berek eskatu zutela sakabanatzea, hain zuzen, garai hartan giltzapean ziren lagun gehienek eskaera horren berri ez dakiten arren. Eskerrik asko, baina horrelako laguntzarik gabe nahiago dute, nonbait.

Mesede handia egiten dietela dio gobernu programa «gauzak behar bezala» egitea (como Dios manda, jatorrizko bertsioan) duenak. Egunkaria erostea biktimak iraintzea izan daitekeen honetan, baten batek PPko hautetsien gainean, esate baterako, antzeko zerbait esango balu, pentsa zer gerta lekiokeen. Izan ere, «mesede handi» horrek euskal presoen hamasei senide eta adiskideren heriotza eragin du.