Ariane KAMIO DURANGO
Gogoetaren plaza | 49. Durangoko Azoka 2014

Euskal kulturaren babes ekonomikoa: Inbertsioa ala soberakina?

Kulturgintzari ikuspegi desberdinetatik begiratzen dioten begiak izan ziren atzo Durangon. Sostengu ekonomikoa ardatz, aurrekontuez, finantzaketez, inbertsioez eta eskubideez aritu ziren Beñat Gaztelurrutia, Joxean Muñoz, Xabi Paya eta Gotzon Barandiaran. Aurrez aurreko iritziak jaso ziren, ikuspuntuak bezain anitzak.

Euskal kulturaren sostengu ekonomikoa. Planteamendu biribila. Erantzunak bilatzeko lau ertzetan jarri zen atzo Durangoko Azokako Gogoeten Plaza: Xabi Paya (Donostia 2016), Joxean Muñoz (Lakua), Beñat Gaztelurrutia (Plateruena) eta Gotzon Barandiaran (kultur eragilea). Eremu desberdinetatik datozen lau bidek egin zuten topo, eta gogoetak ez ziren nolanahikoak izan. Kasu askotan iritziak aurrez aurrekoak izan ziren, besteetan elkar hartzen zuten gehiago, baina hizlari bakoitzaren jatorriak markatu zituen desberdintasun nagusiak.

Barandiaran oso zorrotz aritu zen. Sakoneko gogoeta aldarrikatu zuen, nazio gisa kultura beharrezkoa ote den eta noraino heldu behar lukeen; planteamendu hori jarri zuen mahai gainean. Kultur eragile gisa, hitzei kritikotasuna zerien. «Arlo batzuetan lehentasunak ezartzen dira eta gero esleitzen zaio diru kopuru bat. Kulturan alderantzizkoa gertatzen da; beste inbertsioetatik sobratzen den diruarekin konpondu behar dugu beti», azpimarratu zuen. Soberakina da, bere ustez, eta ez inbertsioa, euskal kulturak jasotzen duena. Eta bideratzen den diru apurrarekin, «saiak moduan goaz denak» sos horien bila.

Krisiari alde positiboa bilatu zion. Gabezia ekonomikoak auzolana eta elkarlana ekarri ditu, kultura modu herritarragoan bizitzeko bidea zabaldu du, «klientelismoak» atzean utzita. «Sinergiak sortu dira, bakarrik ezin dugulako aurrera egin», ohartarazi zuen.

Sakoneko gogoetaz gain, kulturgintzaren ertz guztien bateratzea aldarrikatu zuen. Sortzaile, banatzaile, kazetari, erakunde... kultura eremua zatikatu baino bateratzen duten foroak jarri zituen adibide gisa. «Zergatik hiru euroko kontzertu batean sartu baino nahiago du jendeak plazan pipak jaten egon?». Galdera horri erantzun bateratua ematearen alde agertu zen. Ahalegina eskatu zuen, kulturan bidelagun diren guztien arteko gogoeta batean sartzeko. Horretarako, nork bere zilborrari gutxiago begiratu beharko liokeela ohartarazi zuen. «Nork izan behar du euskal kulturaren motorra?», galdetu zuen. «Jaurlaritzak? Erabaki behar den zerbait da hori».

Neurgarritasuna

Kontrako norabidean aritu zen Lakuako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz. Bere irudiko, gutxi hitz egiten da kulturaren alor ekonomikoaz, badira tabuak tartean. Baina gaia esku artean hartu behar bada, ezinbestekoa deritzo aurreikuspenez eta neurgarritasunaz ere solasteari. «Parametro ekonomikoetaz aritu behar da. Maiz egiten dena da dirua behar dela esan, baino gero ez da onartzen kudeaketa ekonomikorik», plazaratu zuen.

Ez zuen ukatu euskal kulturaren egoeraren larritasuna, «baina ez dugu barneratua, behar ekonomikoa baldin badago, horri logika konkretu batetik egindako irakurketa eman behar zaiola. Sortzaileen ondoan beti behar da kultura kudeatzen dakien norbait, parametroak neurtzen dakiena», gaineratu zuen. Diruaz hitz egiterakoan, halaber, «caballero espainolen antza dugula» adierazi zuen; diruaz hitz egiteko lotsa, hain zuzen.

Lan kulturaletan boluntario aritzea «esperientzia» dela esan zuen, baina bere hitzetan, horrek ez du esan nahi kulturgileak baldintza kaskarretan bizi behar duenik. «Bateragarriak behar dute bi alor horiek», zehaztu zuen.

Europara

Europara begira jarri zen une batez Xabi Paya. Donostia 2016 egitasmoan buru-belarri ari da azken hilabeteetan. Europar Batasuneko herrialdeek bat egiten duten hiru esparru nagusiak aipatu zituen. Europa elkartu zen ekonomiagatik; elkartu zen ingurumenagatik; eta batu zen «berdintasunagatik». Eta kultura? Non du kulturak lekua Bruselaren besoetan? «Kulturan ez dago inolako akordio minimorik Europan. Kultura hitza ez da agertzen, baina bai ekonomia sortzaileak». Hortaz, kultura = errentagarritasuna? Bide horretan muga batzuk zehaztearen alde agertu zen.

Eta kulturgileak, zein egoeratan bizi dira egun? Zalantzan jarri zuen ea «kulturan profesionala den asko fiskalki ere profesionala den». «Ez dakit ze arte eta ze diziplinatan jarduten duen artistak, altan dagoen eta dena behar bezala egiten duen. Krisi ekonomikoak asko eragin du horretan», salatu zuen.

Plateruena: Azokako arrakasta gerora urtuko den beldur

Durangoko Azoka nekez uler daiteke egun Plateruena Kafe Antzokirik gabe. Landako gunearen ondoan, azokazale, kulturgile, sortzaile, eragile eta beste hainbaten topagune ziurra da. Kulturaren gune eztabaidaezin hori, baina, ez da une goxoena bizitzen ari. Crowdfunding kanpaina abiatua dute arduradunek, sortze garaian Plateruena hauspotzeko egindako esfortzu ekonomiko hark utzitako zuloak estaltze aldera. Kafe Antzokiaren gordintasuna den bezalaxe eraman zuen gogoetetara Beñat Gaztelurrutiak. Egoerak bultzatuta-edo, haiek erreparo gutxi dute diru kontuez hitz egiteko orduan eta, Joxean Muñozi erantzunez, antolatzen duten ekintza oro ondo aski neurtzen dutela nabarmendu zuen. Neurgailuak, ordea, ez du betiko salbaziorako atea zabaltzen; Plateruena izan daiteke horren adibideetako bat. Bere garaian 1,5 milioi euroko inbertsioa egin zen Kafe Antzokiaren alde; erakunde publikoetatik soilik %8ko finantzaketa jaso zuen, «eta hori larrutik ordaindu dugu». «Plateruenak iraun badu, herritarren ekarpenagatik izan da. Aurrera begira, iraun behar badu, erakundeen laguntza behar du; laguntza hori hil ala bizikoa da», jarri zuen mahai gainean. Edozein ordutan gerturatuta ere, Kafe Antzokian jendetza biltzen da. Goizeko kafea, eguerdiko pintxoa, bazkariak, arratseko poteoa, emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak... Kasik 24 orduz da bilgune. Azokan halakoxea da bere egunerokoa. Baina gero, zer? «Orain egun arrakastatsuak bizi ditugu, baina baliteke Aste Santuan itxita egotea. Hori da gure errealitatea», adierazi zuen, mihian bilorik gabe. Kulturgintzak ertz asko dituenaren jakitun da Gaztelurrutia, baina «soseguz eta naturaltasunez» hitz egiteko beharra aldarrikatu zuen, irtenbide bat bilatzearren. A.K.