Imanol CARRILLO BILBO

Kutxabankeko hauteskundeen emaitzak «oso positibotzat» hartu dituzte ELAk eta LABek

Herenegun Kutxabanken egin ziren hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzak «oso modu positiboan» baloratu zituzten ELAk eta LABek, «aurrezki kutxan lan egiten dutenen eta euskal gizartearen isla baitira».

ELA eta LAB sindikatuek «oso modu positiboan» baloratu zuten herenegun Kutxabanken egin ziren hauteskunde sindikalen emaitzak. Hala adierazi zuten Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide ordezkariek Kutxabanken pribatizazioa salatzeko atzo Bilbon egindako protestan.

Aipatutako hauteskundeek honako datuak utzi zituzten Hego Euskal Herrian: LABek bere ordezkaritza handitu du, 2010ean lortutako 18 ordezkaritik 20ra pasatuz; eta ELAk kopuru bera lortu du, 31. Hauteskunde hauetan CCOO eta Pixkanaka izan dira kaltetuenak, lehenengoa 28tik 21era pasatu baita, eta bigarrenak 18 ordezkari lortu baititu -2011n 29 lortu zituen-.

Honen aurrean, LAB sindikatuak argi hitz egin zuen atzo: «Nabarmentzekoa da euskal kutxen estrategia pribatizatzaile eta likidatzaileak defendatu dituzten eta lan baldintzak okertu eta enplegua suntsitzen duten erabaki enpresarialak laguntzera mugatu diren aukera sindikalak hondoratu izana».

Txiki Muñozen iritziz (ELA), «emaitzak Kutxabanken lan egiten dutenen eta euskal gizartearen isla dira; izan ere, ez dute nahi belaunaldi askoren esfortzuarekin lortutako ondarea pribatizatua izatea».

Gregorio Villabeitia presidente berriarekin harremanik ez dutela izan ere ziurtatu zuten. Ainhoa Etxaidek (LAB) salatu zuenez, «espekulatzaileen eskuetan 40.000 milioi jartzen ari dira, kantitate hori ekonomiaren hazkunderako eredu baten alde erabili behar zenean».

Bestalde, bi sindikatu hauek, bai CCOO, ESK eta CNT, eta bai EH Bildu edo Ezker Anitza bezalako alderdi politikoek, bat egin dute Kaleratzeak Stop-ek larunbatean Donostian (12.00) egin behar duen pobreziaren aurkako manifestazioarekin.