Ariane KAMIO DONOSTIA

Alberto Letona: «Britainiarrak kontraste handikoak dira»

Britainiarrei argazkia atera die Alberto Letonak «Hijos e hijas de la Gran Bretaña» liburuan. Saiakeraren eta bidaia kontakizunaren arteko nahasketa da aurkezten duena, tonu umoretsuan, bertakoen inguruan sortu diren aurreiritziak desmitifikatuz.

Bi errealitate ikusten ditu Alberto Letonak britainiarrengan. Estatu espainoleko kostaldera, Mediterraneora oporretan doazenen irudia izan daiteke irudimenean gordetzen denetako bat. Bestea, jende isil, edukatu eta jakintsuarena izan daiteke. Biak existitzen dira bere ustez, bizi diren talde sozialaren araberakoa. «Guk ezagutzen dugun Mediterraneoko turismo horretako britainiar tipoa gaztea eta diru apurrekoa da, Estatu espainola oraindik turismo merkea delako. Aldiz, gugana datozen turistak bestelakoak dira, kulturan interesatuagoak. Dikotomia hori existitu egiten da, baina kontuan izan behar da nondik datozen eta ze talde sozialetakoak diren», dio.

Britainia Handian urte luzez bizi eta lan egindakoa da Letona. Bertakoak goitik behera ezagutzen dituela dio. Bertako batekin ezkonduta dago ere eta azken hogeita hamar urteetako udak bertan igaro izan ditu. Kazetari moduan ere aritu izan da.

Puntualtasuna, tea eta fish and chips -nahiz eta ez den jatorriz ohitura gastronomiko britainiarra- dira, besteen artean, burura datozen klixeetako batzuk. Horiek desmitifikatu eta britainiarrak diren moduan agertu ditu Letonak «Hijos e hijas de la Gran Bretaña» (Varasek Ediciones) liburuan.

Biztanle estrabagante gisa ikusten ditu berak, «uhartetarren espiritua mantentzen dute». «Oso indibidualistak izan dira, seguru asko historian zehar beste garapen bat izan dutelako. Industrializazioa ere lehenengo aldiz Britainia Handira iritsi zen eta horrek ere markatu izan du beren izaera», agertu du.

Klase sozialetan ere antzeko bilakaera gertatu dela uste du Letonak, gizarte estrukturak oso zehaztuta daudela deritzo. «Esaten da britainiar batek ahoa irekitzen duenean jakiten dela ze talde sozialetakoa den, eta egia da», azaldu du idazleak.

Puritanoak eta askeak

Bere liburua saiakera bat dela esatea «solemneegia» iruditzen zaio eta bidaia liburutik ere baduela uste du Letonak. «Nire ikuspegia da britainiarren inguruan». Umorez idatzitako lerroetan, historia, gastronomia, politika eta iritzi pertsonalak tartekatzen ditu. Sexuaz hitz egitera ere ausartu da. Puritano ospea izan dute urteetan, baina Letonaren aburuz, kasu honetan ere dikotomia dago. «Europan sexu iraultza eurek burutu dute. Alde batetik oso puritanoak dira, baina bestalde, oso apurtzaileak ere badira, oso askeak. Mugimendu sozialetan ere horrela izan da. Kontraste handiko gizartea da», esan du.

Euskaldunekin antzekotasunik ikusten duen galdetuta, fisikoki nekazari inguruneetan badirela dio, baina historikoki apenas gerturatzen gara: «Hemen dogma asko existitu da».