Ariane KAMIO DONOSTIA

Sorkuntzaren profesional autonomoak, etorkizunaz

Sorkuntzaren profesional autonomoak etorkizunaz hitz egiten jarri ditu Fermin Etxegoienek. Galdera bakarretik abiatutako elkarrizketa liburua da azkena: «Eutsiko diogu?». Hamabi lagunek emandako erantzunetatik begiratu daiteke botila erdi hutsik ala erdi beteta dagoen.

«Eutsiko diogu?». Liburuari izena emateaz gain, Fermin Etxegoienek (Oñati, 1966) egindako hamabi elkarrizketen abiapuntu ere bada galdera hori. Sorkuntzaren profesional autonomoak etorkizunaz mintzatzen jarri ditu Ereinek kaleratu berri duen elkarrizketa liburuan. Egun, krisialdi ekonomikoaz hitz egiten den garaian, krisialdia euskararen espresiobideetara eraman du Etxegoienek. «Ez ote gaude beste krisialdi ziklo batzuen barruan? Badirudi inoiz baino urrutirago ailegatu dela euskarazko espresiobidea, baina halako batean ikusten dugu hizkuntzaren erabilera behera doala. Orain da momentua galdetzeko ea botila erdi hutsik edo erdi beteta dagoen», arrazoitu zuen pasa den ostiralean, liburua aurkeztu zuenean.

Eta horixe da liburuaren abiapuntua. Sorkuntzaren profesional autonomoak jarri ditu hizketan. «Ander Lipus ezagutzen duen jendearentzat, munduko tiporik bohemioena izan daiteke, baina liburu honetan ez dago horregatik, hemen dago antzerkigintzako enpresari bat delako», agertu zuen. Eta ez da liburuko gonbidatu bakarra. Hamabi elkarrizketa osatu ditu Etxegoienek: Estitxu Eizagirre, Luistxo Fernandez, Mari Añes Gorostiaga, Eñaut Elorrieta, Miren Amuriza, Hedoi Etxarte, Maider Unda, Iban Arantzabal, Maia Eder Kurutxet, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, eta Miren Agur Meabe. Genero eta lurraldetasun parekidetasunak errespetatu nahi izan dituen liburuan «Eutsiko diogu?» galdera adarkatu egiten da ondoren. «Banan banako elkarrizketak direnez, bakoitzak bere alor profesionaletik erantzungo luke, baina euskaltzale aktibo bati galdetuta galdetzen ari zara euskarak, hizkuntzak edo nazioak, herriak, eutsiko ote dion, segun eta elkarrizketatuaren gogo humanista noraino doan», zehaztu zuen.

Teorizazio lurtarra

Etxegoienen aburuz, azken urteetan teorizazio mailan loraldi bat bizi izan da, «ziurrenik unibertsitate girotik etorritakoa, baina liburu honetan bilatu nahi izan dudana kontrakoa izan da». Protagonisten artean badira teorizatzaile horien berri dutenak, baina mundu horretatik erabat urrun bizi diren profilak ere txertatu ditu. Maider Unda izan daiteke horietako kasu bat. «Aramaioarra, gaztagilea, artzaina eta, era berean, medailadun olinpikoa. Berak ez du teoriarik ibiliko, baina bere bizi esperientzia oso interesgarria da, eta errealista. Ez dut mundu teoriko hutsala islatu nahi izan, baizik eta lanean egunerokotasunean oinarritutako esperientzia bat. Hortik datorren teorizazioa, nahi baldin baduzue. Metafisikara fisikatik ailegatzen delako ziurrenik, eta ez alderantziz», azpimarratu zuen.

Elkarrizketak modu naturalean ateratako zerbait izan zirela ere agertu zuen Etxegoienek. Elkarrizketatuaren inguruan ondo dokumentatuta, baina galdetegi zehatzik gabe egindako saioak izan dira. Berezitasun gisa, elkarrizketa bakoitzaren hasieran ez da pertsonaia aurkezten, «halako jite literario bat eman nahi izan baitzaio liburuari». Asmoa, finean, izan da «irakurlea irakurtzen doan heinean jabetzea nor den pertsonaia eta zertaz ari zaion. Horrela ez balitz, badago aukera elkarrizketaren osteko biografia horretara jotzeko», azaldu zuen.

Tonu horrek, baina, «interesa» pizten dio Etxegoieni. Izan ere, ez dira ohiko elkarrizketa trinkoak. «Ohituago gaude elkarrizketa trinkoagoak irakurtzen, galdera erantzunekin, hausnartutako galdera eta erantzun trinkoekin. Hemen ez», nabarmendu zuen. Bere interbentzioa, gainera, gorabeheratsua da liburuan zehar. «Nahi izan dudana da elkarrizketatuaren jarioa izan dadila, ez etengabea, baina lortu nahi nuen ikusaraztea elkarrizketatua ez dela ari niretzat bakarrik hitz egiten. Irakurleak senti dezake berarentzat ari dela hizketan», esan zuen. Trinkotasun falta horri arriskuak ere ikusten zizkiola ohartarazi zuen, «ez ote ziren izango irrelebanteak. Hain buruz buruko elkarrizketa jator batzuk...».