Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Urteroko argazkia

Gaur ere, kalera ateratakoan, segituan sumatuko dugu ohi baino joan-etorri handiagoa, pertsonena. Aireko argazki bat aterako baligute, hirietan batik bat, inurriak mugimendu bizian emango genuke: Gabonetan tokatzen denez, batek daki zerez betetako poltsa andana etxeratzen. Ahal duenak, jakina; ezin duenak, ziur asko, madarikazioa eta garratza izango ditu aldean. Baita urte-bukaera parte hau ziztu bizian pasatzeko desira ere.

Guztiok, esango nuke. Kuriosoa da Gabonen eragina. Hitz egiten duzu batekin, bestearekin, eta badirudi huraxe dela denen nahi orokorrena: azkar joatea. Entzuten dituzu kexuak jite orotakoak, dela familiagatik, dela opariengatik, dela kontsumismo basatiagatik... inortxok ez dirudigu telebistatik-eta etengabe hedatzen den giroarekin bat eginda. Izango da ez dugulako sumatzen inondik ere elkartasunaren hazkuntza, onberatasunaren hedapena, ordainik espero gabeko maitasun eta laguntasuna... xalo samarra litzateke urte-amaierari urteak eman ez duena eskatzea, ezta? Baina, hala eta guztiz ere, bizi dugu eskizofrenia hori urtero, hutsik egin gabe: grinatsu zabaltzen den mezu bakezale eta maitekorra, familia batu eta zoriontsua ardatz, eta nork bere barneko akidura, nagikeria eta hipokrita-sentipena.

Dena den, joaten zara, zeu ere, dendetara, opari polit-egoki ekonomikoki arrazoizkoen bila, eta gainezka topatzen dituzu. Gehientsuak, pertsonak, estu eta larri ikusten dituzu -azken uneko betebeharren zama-; gehientsuak, gauzak, oparigaiak, sekula baino handiago, distiratsuago eta bereiziago. Erreparatu diozue inoiz horri, produktuei esleitzen zaien xede nabarmenari? Hementxe, emakumezkoentzako desiragarriak (lurrinak, kosmetika, etxerako apaingarri bereziak, modarekin loturiko guztiak...); hantxe, gizonezkoentzako gutiziak (punta-puntako gailu elektronikoak, kirolekin loturiko materialak, itxurari ez eta erabilerari begirako orotariko gauza praktikoak...); tartean, aurrenekoetatik hurbilago betiere, haurrentzako jostailuak eta olgetarako ez direnak, era berean neska-mutilak binomioaren arabera antolatuak. Hain gaude ohituta horretara, hain iruditzen zaigu normala eta logikoa antolaketa hori, non geure aukerei buelta bat ematea ere ez zaigun otutzen, zuzenean jota alde batera edo bestera zerrendako hurrengoaren sexuaren arabera. Jabetu zarete sekula, halaber, opari-bilaketan inurrien mosaiko ibiltaria osatzen duten horiek, alde handiarekin, emakumeak direla? Zuenean ere, seguruenik, gehienbat beraiek izango direla Gabonen (afariak, bazkariak, opariak, denen poza, antolaketa-lan eskerga) sostengu eta motorra?

Zein bitxia den, ordea, ospakizun honetaz kexuka eta gaizki-esaka aditzen ditudanak, neurri ikaragarri handian, horiez guztiez gutxien arduratzen direnak izatea... DNAn eraman ez eta, kasik, amonari, amari, emazteari edo alabari huts ez egitearren egingo balute lez. Aiene eta madarikazioak, desengainu eta disgustuak ere eskuragarri egongo balira bezala, produktuen antzera, gizon-emakume bereizketa oro-bustitzailearen arabera. Benetan, hau asperdura!