Martxelo DIAZ
Hilberria

Emakumea, langilea, euskalduna, hautetsia

Euskalgintzan lan asko egindakoa zen Aitziber Sarasola parlamentari bihurtu zenerako. Euskara Nafarroan bultzatzeko lan asko egin beharra dago eta jardunean jo eta fuego aritzen zen horietakoa zen Aitziber Sarasola.

2011ko maiatzean parlamentari hautatu zuten. Behin ilegalizazioaren zikloa itxita, Bilduren eskutik hautetsi berriak heldu ziren Nafarroako Parlamentura, ordura arte politikagintzarekin harreman zuzenik izan gabeak. Parlamentuko langileen artean harridura sortu zuen Sarasolak: ateak ireki bezain pronto iristen zen lanera. AEKn gogor lan egiteko ohitura zuen eta Parlamentuan ere berdin-berdin jarraitu zuen.

Parlamentuan ere euskara erabiltzen zuen lan hizkuntza gisa. Eta egia borobilak botatzen zituen. Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria euskaltegira bidali zuen. Iribas berak eta esparru politiko guztiko kideek Sarasolaren lana nabarmendu nahi izan zuten atzokoan. Parlamentuak eta AEK berak ere gauza bera egin zuten. Erabat ezohikoa da horrelako adostasuna lortzea.

Emakume, langilea, euskalduna eta hautetsia zen Nafarroan. Borrokalaria. Ez da gutxi.