GARA GASTEIZ

Marotok eman dio hasiera oinarrizko diru sarreren legea gogortzeko sinadura bilketari

Javier Maroto Gasteizko PPko alkateak bere sinadurarekin eman dio babesa oinarrizko diru sarreren legea gogortu nahi duen plataforma herritarrari. Posta kalean irekitako bulegora ez da beste alderdirik gerturatu.

Javier Maroto Gasteizko alkateak eman zion hasiera atzo, bere sinadurarekin, diru sarrerak bermatzeko errenta lortzeko behar diren baldintzak gogortu asmoz «Ayudas+Justas» plataformak abian jarritako sinadura bilketari. Plataforma hau alkatearen ekimenez sortu zen, besteak beste, Estatu espainolean bizitzeko baimenik ez duten pertsonak, Gizarte Segurantzan inoiz kotizatu ez dutenak edota EAEn erroldatuta hamar urte baino gutxiago daramatenak baztertzeko diru laguntzok jasotzeko garaian.

Plataformak atzo inauguratu zuen bulegoa Posta kalean, sinadura bilketaren inguruko informazioa jendartean zabaltzeko asmoz. Bertan izan zen Javier Maroto, honakoa adieraziz: «Euskaldunek aukera daukate euren sinadurekin gauzak aldatzeko, eta hain oinarrizkoa den solidaritatea pertsonak laguntzeko baliatzeko, bide batez abusuekin amaituz».

Marotok bere izenarekin ireki zuen sinadura bilketa, ez kasualitatez ordea. Esan zuenez, keinu horrekin bere testigantza eskaini nahi zuen eta «aurpegia eman», gauzak alda daitezkeela adierazteko. Alkatearen ustez, «kaleko indarra geldiezina» da.

Patxi Gomez plataformako bozeramaileak, bestalde, gogorarazi zuen inolako alderdi politikorekin zerikusirik ez badute ere, Marotok berak eskaini ziela bere burua lehen sinadura emateko. Sinadura bilketarekin, diru sarrera bermatzeko errentak gogortzea proposatzen duen Herri Ekimen Legegilea bultzatzea dute helburu. «Uste dugu alkateak ondo ordezkatzen dituela gasteiztarrak», arrazoitu zuen Gomezek. Hala ere, azpimarratu zuen plataforman alderdi politiko guztiek dutela lekua. Posta kalean atzo egin zen aurkezpenean, ordea, ez zen beste alderdietatik inor gerturatu.

Gomezek gogorarazi zuenez, Gasteizeko Legebiltzarrean bilerak izan dituzte dagoeneko PP, UPyD eta EH Bildurekin; PSEk eta EAJk, berriz, ez diete erantzun jasotako gonbidapenei.

30.000 sinadura

«Ayudas+Justas» plataforma hiritarrak lau hilabete ditu beharrezkoak diren 30.000 sinadurak biltzeko. Horiekin, aukera edukiko lukete diru sarrerak bermatzeko errenta arautzen duen legea aldatzeko. «Geure helburua ez da soilik 30.000 sinadura jasotzea -ohartarazi zuen Gomezek-, baizik eta bere izena eman nahi duen pertsona orori egiteko aukera eskaintzea».

Zentzu horretan, sare sozial ezberdinen bitartez kanpaina egiten ari dira, eta beste bulego batzuk irekitzeko aukera ere aztertzen ari dira. Horietako bat Bilbon jartzea pentsatzen ari dira. «Legea aldatu ahal izateko jendearen parte hartzea bultzatu nahi dugu», esan zuen.