Iraia OIARZABAL
Kronika | Preso eta iheslarien aldeko bertso saioa

Etxetik urrun direnak hitz eta bihotzetan, ziegetako hormak birrindu asmoz

Urteroko zita, zita behartua, bihurtu da askorentzat Oiartzunen atzo ospatu zen euskal preso eta iheslarien aldeko bertso saioa. Senideen ekimen eta lanaz antolatua, Elorsoro kiroldegiko eserleku gehienak bete ziren, kantuz behin eta berriz esan zuten moduan, hurrengo urtean Euskal Herriko hainbat etxetan aulki hutsik egon ez dadin.

Urte gehiegiz luzatzen ari den aldarrikapen argiarekin egindako bertso saioa bada ere, egoeraren gogortasunak ez die irribarrea ezabatu atzo Oiartzunen elkartutako senideei, maite dituztenak etxetik gertu lehenik eta etxera ondoren ekartzeko xedearekin antolatutako jaialdia baita. Horregatik, ahal den neurrian behintzat, umore ona jartzen diote antolaketa lanari.

Jon Martin, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Sustrai Colina, Iker Zubeldia, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus protagonista izan zituen saioa hasi baino ordu eta erdi lehenago iritsi da Donostiatik euren seme-alabak preso dituzten emakume talde bat eta beraien atzetik beste hainbat senide saioa hastean dena prest egon dadin. Urte asko, gehiegi, dira ekimen honen antolakuntza lanetan ibili direnak eta nabari da esperientzia.

Prestaketa lanetan harrapatu ditugu Itziar Goienetxea eta Axun Aranburu, biek dituzte bikotekideak preso; ehunka kilometrotara. Dispertsioak eragindako bidaia luzea noiz amaituko den galdetzen diote euren buruari etengabe.

Dispertsioaren kondena

Xabier Alegriaren emaztea da Goienetxea eta ongi gordeta ditu oroimenean azken urteotako bizipenak, nahiz eta ez diren bereziki xamurrak izan. «1998an hasi genuen gure kalbarioa, `Egin'-en itxierarekin. Lau atxiloketa ostean -Egin, Ekin, Egunkaria eta Udalbiltza- eta urte eta erdiko epaiketaren ostean hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten», aipatu du hasierako uneak gogora ekarriz.

Ederki ezagutzen ditu baita ere euskal presoek pairatzen duten dispertsio politika ankerraren ondorioak. «Legeak dioenaren arabera, bere kartzelaldia etxetik hurbilen egin behar badu ere, justu beste puntan daukate, Puerto III espetxean. 1.200 kilometrotara», azaldu du. Argi dauka dispertsio horrek senideentzako bigarren kondena bat suposatzen duela: «Astero-astero gure bizitza errepidean jarri behar izaten dugu eta ekonomikoki ere triskantza handia da, hilero gutxi gorabehera 1.500 euroko gastua daukagu».

Senitarteko nagusienak eta haurrak mila kilometro egitera behartuta daudela ikustea bereziki larria dela nabarmendu du. Bai kalean daudenentzat, senidea aske ikusi gabe hiltzearen beldurrarekin bizi baitira asko, baita gatibu dagoenarentzat ere, maite dituenak sakrifizio galanta egin beharrean ikusten baititu. «Dispertsioa krudela da», erantsi du Goienetxeak.

Krudeltasun hori eta espetxe politikak eta honen baitan Madril eta Parisko agintariek hartzen dituzten erabakiek egoera nola zaildu dezaketen lehen pertsonan ezagutu du Aranburuk. Aitor Olaizola bere senarra 2001ean espetxeratu zuten eta azken hamaika urteak Caceresen daramatza.

Mirentxineko furgonetan hasi zen bisitak egiten, Badajozeko espetxera zihoazen senideekin garraioa partekatuz, baina espetxe barruan ere presoak nolabait sakabanatzen hasi ziren eta bisitak antolatzeko modua aldatu behar izan zuten. Horrek bidaia furgonetan antolatzea ezinezkoa egin diela azaltzen du Aranburuk, eta gidabaimenik ez duenez bere kasa bilatu behar du senarra ikustera joateko modua. Batzuetan, beste modurik ez duenean, lagunek eramaten dute, eta gainerakoan autobusez moldatzen da, ez baitu ingurukoentzat «karga» bat izan nahi.

Baina dispertsioa ez da euskal presoei gehitzen zaien zigor bakarra. «Preso politikoak dira zerbaitegatik, desberdintasun batzuk egiten zaizkie: isolamendua bera. Gauza ñimiñoak dira baina beste presoek badaukatenean aukera igerilekura joateko, gure presoek ez daukate aukera hori», adibide bat besterik ez da Goienetxeak egindako zerrenda luzean, baina nahikoa preso arruntak izatetik desberdintzen dituela frogatzeko.

Egunero landu beharra

Amaitzear diren Gabonetako egun hauek bereziki gogorrak izaten dira familian norbait preso edo deserrian daukaten guztientzat. Sentiberago egoten dira normalean, baina, Goienetxeak gaineratu duen moduan, kalean sortzen den elkartasun giroak nolabait laguntzen die. Ildo horretan, atzoko bertso jaialdia eta hurrengo larunbatean Sarek antolatuta egingo den manifestazioa senideentzako zita oso garrantzitsuak direla nabarmendu du.

Jasotako babesa eurentzat bultzada handia bada ere, urtero bertso saioa antolatzeko garaian poza eta tristezia sentimenduak nahasten zaizkiola aitortu du: «Gogorra da, horrek esan nahi baitu urtebete gehiago berdin jarraitzen dugula». Gainera, testuinguruak dispertsioari amaiera jartzeko aukerak ematen dituela uste du eta, horregatik, urratsik ez ikusteak are mingotsagoa egiten du egoera. Zentzu horretan, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi izana edota presoen aldetik egindako urratsak dakartza gogora. Gobernu espainoletik eta frantsesetik erantzunik jaso ez duten pausoak. Horregatik, gizartearen sostengu eta aktibazioaren beharra ezinbestekoa dela uste du.

Ostera, hainbat ekimenetan jasotzen duten herritarren babesak aurrerapausorik ez ikustearen sentsazio mikatz hori gozatzen duela azpimarratu du. «Guretzat indarra suposatzen du ikustea ez gaudela bakarrik, badagoela herri oso bat preso eta iheslariekin eta baita ere senideekin».

Ildo berean mintzo da Aranburu, presoen eskubideen defentsan egiten diren ekimen ezberdinen garrantzia nabarmentzen du gizartea beraiekin -preso eta senideekin- dagoela sentiarazten baitie.

Dena den, bai atzoko jaialdiaren kasuan bai hurrengo zapatuan Bilbon egingo den mobilizazioaren aurrean, argi dauka konstantzia nahitaezkoa dela. «Nik ikusten dut beharrezkoa zerbait ikusgarria egitea urtean behin jendea jabetzeko zertaz ari garen, baina lana egunero egin behar da», aldarrikatzen du, bestalde. «Presoak egunero daude hor, urtero. Eta urteak pasatzen dira eta egun batean egiten denarekin ez da nahikoa», gaineratu du.

Bertsolarien hitz jokoetan ere izan zen aldarrikapen horretarako tokirik. Iker Zubeldiak umorea jarriz aipatu zuen moduan, «berriz presorik ekarri gabe joan da Olentzero» eta horrek euren eskubideak aldarrikatzeko ekimen gehiago antolatzera eramango ditu senideak eta, eurekin batera, gizartearen parte handi bat.

Ziegetako sarrailak ireki eta preso daudenak etxera gerturatzea da atzo Oiartzunen elkartutakoen eskakizuna, finean, oinarrizko dituzten eskubideak errespetatzea. Jaso dituzte aulki hutsak oholtza azpian, datorren urterako etxekoak beteta izateko itxaropenarekin.

Errepidean daudenei abestia opari, «bihotzetatik zintzilik» dituzten senideak ondora ekartzeko bidaia gozatzeko

Hurrengo asteburuan, Bilbon egingo den mobilizazioaren harira, euskal presoek ez dute euren senide eta lagunen bisitarik izango. Erabaki gogorra, Itziar Goienetxeak aitortu duenez, baina denen artean hartutakoa, preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarrikapena kalean egon dadin. Erabaki horrek azken asteburu honetako bisitak askorentzat mikatzagoak egingo zituelakoan, itzulerako bidaia gozatzeko «Bihotzetatik zintzilik» kantaren bertsio akustikoa aurkeztu zuten atzo.

Duela bost urte Siroka taldeak sortutako abestia da eta, Etxerat elkarteak nabarmendu zuenez, «tamalez, kantaren mezua ez da iraganeko kontu bat. Bost urte hauetan mugimendu politiko batzuk oso sakonak izan diren bitartean, preso, senide eta lagunen giza eskubideak astebururo, uneoro, urratuak dira», gaineratu zuen. Hala, abestiaren hitzek bidaltzen dute mezuarekin bat egiten du elkarteak: «Askatasunaren bide bihur daitezela kilometro hauek». GARA