Jon GARMENDIA
Idazlea

Zertarako

Batzuetan, iduri zaizu, munduaren lur eta ur azalak utzita, galdutako puntu urrunetan galduta zabiltzala. Norabiderik gabe alderrai, hegalik gabeko hegaldian. Gerta daiteke urte berriko asmoak zerrendatzen hastean. Adibidez. Baina oinak lurrean izanda ikasi zenuen Lurraren erdigunetik urrunen dagoen puntua Chimborazo mendia dela, Ekuadorren, Andeetako mendikatean, eta aldi berean, aire espaziotik landa, kanpo-espaziotik gertuen dagoena ere huraxe dela; bertakoek badakite eguzkitik gertuen dagoen puntua dela beraiena, eta urte berri oro lurrera heltzen den eguzki galdak haien aurpegia laztantzen duela beste nehorena baino lehen. Aspaldi, sumendia izan zen, bere su, eta bere ke; baina badira mila eta bostehun bat urte labarik isuri gabe isil-isilik dagoela, hain lasai eta hain hotz, non elurrak ere bere galdara inguratu duen. Izan zen garai bat, bere sei mila eta berrehun metroz goiti, mendizaleek, munduko garaiena zela uste izan zutena, honela, XVII. eta XVIII. mendeetan harat igo ondotik, konkistatzaile sentitu ziren maldagoizale nekaezinak. Ez zuten arrazoi faltarik, Lurraren forma geoidea kontuan hartuta, eta neurtzeko ura ez den puntu bat hartuz gero, Everest baino altuago baitago hura, zerutik gertuago. Simon Bolivar ere saiatu zen hura igotzen, eta poema bat behintzat eskaini zion sumendiari. Konkista da bestalde, inguru horrek ezagutu duena, bere magaleko Riobamba hiria espainolek Ekuadorren sortutako lehena omen da, eta deskonkista ere ezagutu du lurraldeak, espainolen kateak betirako hausten han hasi baitziren; Lizarzaburu abizenak badu garrantzia Riobamba berrian. Ekuadorreko emakumeen lehen altxaldia ere, hiri horretan izan zen, soldata baxuen kontrako grebari ekinaz, lan kontratuen alde. Azkenik, oroitu duzu, Urtezaharrean, Riobamban ikusi zenuela Quino argentinarraren Mafalda, panpina bihurtuta, `Año Viejo' ospatzeko erregai. Antza, espainolek (edo euskaldunek) eraman zuten hara gaur egun Ekuador guztian zabaldua den ohitura. Energia txarrak panpinekin batera erre, asmo txarrak atzean utzi, eta berrien xerka beha jartzeko. Galdera batzuk zeuzkan Mafaldak, eta haiek egin zitzaizkizun deigarri: Munduko gosea eta pobrezia amaitu dira? Arma nuklearrak desagertu dira? Beraz... zertarako aldatzen dugu urtez?