Joxean AGIRRE DONOSTIA

Bittor Kapanaga, bizitza osoko bidaia euskararen erroen bila

Adinean aurrera doazen euskaltzale askok gauza bat behintzat badakite Bittor Kapanagaz, Gontzal Mendibilek kantatzen zuen eta duen «Araban... bagare» kantuaren hitzak egin zituela. Patxi Villamor, Xeberri eta Josu Zabalarentzat ere egin zituen hitzak. Baina Kapanaga zerbait gehiago ere bazen, euskaltzain izan gabe Euskaltzaindiak euskara batuaz egin zituen batzar guztietan hartu baitzuen parte. Haren lan guztiak argitaratuko ditu Gerediagak.

Dagoeneko desagertzen hasita dagoen ikerlari leinu batekoa da Bittor Kapanaga, autodidakten arrazakoa. Eskolara gutxi joan zen eta unibertsitatera gutxiago, baina gerra ondoren, 1956an, Arantzazun Euskaltzaindiak egin zuen lehen biltzarrean hartu zuen parte eta euskara batuaren inguruan ondoren egin ziren batzar guztietan.

Ez zen euskaltzaina, ezta urgazlea ere, baina ekarpen garrantzizkoak egiten zituen. «Euskara batuaren alde egon zen hasiera-hasieratik urte gatazkatsu haietan. Batasuna ontzat hartzen zuen, baina ñabardura batekin, batasuna bai, baina euskalkietako gauzarik funtsezkoenak gordez. Eta oso garbi zuen baita ere bizkaierari, sartaldeko euskarari garrantzi gehiago eman behar zitzaiola, bere ustez euskara zaharra ondoen gorde duen euskalkia delako. Hori dela eta, sarritan egiten zuen talka Koldo Mitxelenak gidatzen zuen ildo nagusiarekin. Hizkuntzalaritzatik bakarrik begiratuta, seguru asko arrazoi izango zuen Kapanagak eta batuaren auzian hartu zen bidea hartu bazen, arrazoi soziologikoengatik izan zen», esan digu Juan Martin Elexpuruk.

«Euzko Gogoa», «Zeruko Argia», «Karmel», «Txistulari», «Anaitasuna», «Jakin», «Gerediaga» eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen lanak.

1978an argitaratu zuen bere lan nagusia, «Euskera, erro eta gara». «Nahiko idazle oparoa izanik ere, lan asko utzi zituen argitaratu gabe eta kaleratu dugun liburu honetan ikusiko dute argia lehen aldiz `Euskera batua eta euskalkiak', `Euskaldunon ikuskera' eta `Initza' obrek. Urtebete barru argitaratuko dugun liburuak bere gutunak bilduko ditugu nagusiki. Norbert Tauer txekiarra, Pierre Dorpe frantziarra, Juan San Martin, Jon Etxaide, Barandiaran, Pedro de Yrizar, Oteiza eta beste hainbatekin izan zituen harremanak. Dorperekin, esate baterako, frantsesez idazten zituen gutunak», gogoratu digu Elexpuruk.

Behizain liburuekin

Nola esplikatzen da ia eskolara joan gabeko haur batek horrelako jakituria pilatu izana? Kapanagaren biografia konplexua da, baina ezinbestekoa da gertakari batzuk aipatzea.

1925ean jaio zen Otxandion eta 36ko gerran izan zen lehen bonbardaketak harrapatu zuen. Etxea erdi suntsituta utzi zieten bonbek. Amak hiru umeak Berrira eraman zituen, bere jaiotetxera. Aita hiru urte lehenago hil zitzaien ebakuntza baten ondorioz eta Bittorri etxeko lanak egitea egokitu zitzaion. Hamahiru urte zituela behiak zaintzera joaten zenenean, ordea, liburuekin joaten zen. Adin horretan agertu zion herriko alkate izandako gizon itsu batek aberriaren berri ere. «Ba al dakizu aberria zer den?», galdetu zion mutikoari eta kontatu zion zazpi herrialdek osatzen zutela eta beharbada Bigarren Munduko Gerrari esker lortuko zuela askatasuna.

Eibarren euskaltzaleekin

Hogei urte zituela Eibarrera joan zen lanera eta han gerra osteko urterik gogorrenetan Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri eta beste hainbat euskaltzalek abian jarri zuten mugimenduan hartu zuen parte.

Ordurako gazte jantzia zen, noski, ea non estudiatu zuen galdetzen baitzioten. Berak soroan eta behiak zainduz estudiatu zuela erantzuten zuen. Baina San Martinek eta Laspiurrek bere ibilbidea markatu zuten.

Sarrionandiarekin txabola batean

Bittor Kapanagaren «Lan guztiak I» liburua antolatzen zebilen taldeak bideo bat grabatzeko deia egin zuen 2013ko azaroan eta 26 lagun agertu ziren kamera aurrean hitz egitera. Haren profil osatuagoa izan nahi duenak «Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia» izeneko bideoa kontsulta dezake sarean. Igor Elortza, Amuriza, Kintana, Jose Luis Lizundia, Txema Montero, Gontzal Mendibil, Antton Mari Otalora-Aldekoa eta beste hainbat agertzen dira beren adiskideaz hitz egiten.

Otalora-Aldekoak, esate baterako, zertzelada jakingarri baten berri ematen du: Eusko Legebiltzarra osatu zenean itzultzaile buru izateko aukera eman omen zioten eta ezetza eman zuen, «eskaintza horren atzean bera erosteko borondateren bat ote zegoen susmatuta».

Utopikoa, aztia, xamana, aszeta, profeta eta gisako epitetoak darabiltzate haren adiskideek hura kalifikatzeko. Otalora-Aldekoak beste elkarrizketa batean kontatua du Durangoko gazte batzuk, tartean Sarrionandia, hiru egun egon zirela Kapanagarekin txabola batean eta honek euskararen jatorriaz eta bere mundu ikuskeraz hitz egin ziela.