A. A. LANGRAIZ 0KA

Gaur zortzi abiatuko da Arabako Bertsolari Txapelketa, Dulantzin

Dulantzin abiatu eta Gasteizen emango diote amaiera aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketari. Martxoaren 21eko final handiari begira daude jada txapelketan parte hartuko duten hamazortzi bertsolariak. Atzo eman zituzten txapelketaren nondik norakoen xehetasun guztiak.

Finalaren aurreko bertso saioa jokatuko den herria, Langraiz Oka, izan da Arabako Bertsozale Elkarteak aurtengo bertsolari txapelketa aurkezteko hautatu duen agertokia. Bertan izan ziren, elkarteko ordezkariez gainera, datorren igandean, hilaren 25ean, hasi eta martxoa ondo sartu arte lehian arituko diren hamazortzi bertsolariak ere, horien artean 2013ko edizioan hirugarrenez txapela jantzi zuen Oihane Perea.

Elkarteko ordezkariek gogora ekarri zutenez, aurtengoa txapelketaren hamabigarren edizioa izango da (1984. urtean jokatu zen lehendabizikoz) eta «kalitatea eskaintzeko txapelketa» proposatzen diote bertsozale orori. Hala, aurtengoan zazpi saio jokatuko dira orotara (sei finalaurreko eta finala), saio guztiak aretoetan jokatuko dira eta aurreko edizioetan baino bertso puntuagarri gehiago izango dira.

Txapelketari hasiera, esan bezala, datorren igandean emango zaio Dulantzin eta amaiera martxoaren 21ean, azken urteetan bezala, Gasteizko Printzipal antzokian. Finalaurrekoak Laudiok, Legutiok, Aramaiok, Zigoitik eta Langraiz Okak hartuko dituzte eta, elkartetik nabarmendu zutenez, ezeren gainetik saiook «jaialdi formatua» izatea da euren nahia.

Orotara 18 izango dira txapelketan parte hartuko duten bertsolariak, batetik 2013ko finalean aritu zirenetatik bost (Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza) eta, bestetik, 2014an egin diren kanporaketa aurreko saioetatik puntu gehien eskuratu dituzten hamahiruak (Ander Solozabal, Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Iker Agirre, Iker Pastor, Irati Anda, Jon Ruiz de Pinedo, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Unai Bengoetxea, Unai Mendibil, Xabi Igoa eta Zigor Enbeita).

Bertsolari bakoitza bi saiotan lehiatuko da. Lehen itzulian (lehen hiru finalaurrekoak) eskuratzen dituzten puntuen arabera osatuko da bigarren itzuliko (azken hiru saioak) egutegia, eta martxoaren 7an Langraiz Okan ospatuko den azken saioan itxiko da finalean parte hartuko duten bertsolarien zerrenda. Elkartetik zehaztu zutenez, lehen itzuliko sarrerak 6 euroan eskuratu ahalko dira (bazkideak, 4 euroan) eta bigarren itzulikoak 8 euroan (bazkideak, 6 euroan). Finalerako sarrerak, aldiz, 12 euroan daude.

Elkartearen hitzetan, «Arabako bertsozaleentzat plaza garrantzitsua izanik, Arabako bertsogintzaren agertoki garrantzitsua da txapelketa; Arabako bertsolari, gai jartzaile eta epaileentzat kontzentratzeko plaza bat da txapelketa. Beren burua proban jartzeko plaza bat da txapelketa. Proba horrek bertsoarekin duten harremanean hausnarketa egitea dakar, ezinbestean, eta horrek asko aberasten du bertso mugimendua».

Sarean bolo-bolo

Aurten ere Arabako Bertsolari Txapelketa sarean ikusgai egiteko ahalegina egin du elkarteak, eta, hala, informazioa jaso eta partekatzeko hainbat bide ireki dituzte. Batetik, txapelketaren gaineko informazio osoa eskuratzeko eta berau saioz saio jarraitzeko bidea egongo da elkartearen webgunean (www.bertsozale.eus/araba), eta www.bertsoa.com bertsolaritzaren Interneteko telebistaren barnean ere leku berezia izango du. Azken horretan hainbat bertsoaldi, zuzeneko emanaldiak eta parte hartzaileei egindako elkarrizketak izango dira ikusgai.

Sare sozialetan ere izango du lekurik txapelketak. Batetik, Facebook-en Arabako Bertsozale Elkarteak duen gunean jakinaraziko dira azken berriak eta, Twitter nahiago duenak, @ArabaBertsozale erabiltzaile izena sartuta edota #abtx15 traolaren bidez jarraitu ahalko du txapelketa. Azkenik, ohi bezala, ETB1eko «Hitzetik Hortzera» saioak gertutik jarraituko du txapelketa eta igandero 15.00etan eta astelehenetan 23.15ean asteburuko saioaren errepasoa egingo dute.

Lehen saioa, esan bezala, Dulantzin jokatuko da datorren igandean. Norgehiagoka Kultur Etxean izango da, 17.30ean, eta bertan ariko diren bertsolariak, honakoak: Oihane Perea, Ruben Sanchez, Iker Pastor, Unai Bengoetxea, Ander Solozabal eta Irati Anda. Sarrerak jada eskuragarri daude, ohiko lekuetan eta sarean, aipatu web-orrialdeetan.