Jon GARMENDIA
Idazlea

Babi Yar

Hogeigarren mendearen bezperetan, Errusiako Inperioaren kariz, Lituanian, Ukrainan, Bielorrusian eta Poloniako zati batean zeuden juduak. Vasily Grossman idazlearen aburuz, judu herriaren bihotza. Tsar handiaren eskutik jazarpen etengabea sufritu zuten. 1917ko iraultzarekin ordea, Leninek asimilazio eta integrazio politika ezarri zuen abian, Errusiako herritar bihurtu zituen, sinagogak nazionalizatu, eta judu aferak tratatzeko kontseilua sortu zuen. Judu belaunaldi berri bat sortu zen orduan.

Baina 1941eko ekainaren 22an, «Unternehmen Barbarossa» izendatutakoarekin, alemaniarrek Sobietar Batasuna inbaditu, eta juduak eskubiderik gabe gelditu ziren. Stalinek ez zituen babestu, eta milaka hil zituzten alemanek. Hildakoak errusiarrak zirela adierazi zuen Stalinen propagandak, malkoa errazago bilatu eta alemaniarren aurkako herra indartzeko, ez ziren exterminatutako juduak, alde horretarik, ahaztuak izan ziren. Leninek errana zuen arte guztien artetik zinema zela garrantzitsuena, eta 1920tik 1930era, errusiarrek urtetarako ekarpenak egin zizkioten zinema munduari teknika nahiz sorkuntza aldetik, Medvedkin, Eisenstein, Pudovkin, edo Vertov, ikur bilakatu ziren. Stalinek, ordea, erasoko arma gisa ulertu zuen zinema, propagandarako tresna. Antzekoa egiten zuen Hitlerrek, eta garaiko zinemagile onenak baliatu zituzten biek ala biek elkarren kontra. Juduek, egun, zinemagintzan boterea dutelarik, Holokaustoari buruzko film bat aldiro dakarte plazara, munduak oroit dezan haiek sufritua, agian, aringarria izan dezan judu berek sortzen duten horroreak. Gutxitan aipatu dituzte Errusiako inbasio hartan hildako juduak; eta orain, Hitler eta Stalinen zinemagileek jasotako irudiekin egindako filmei esker, juduek ahantzitako juduak ere bazeudela ikusten hasi gara.