GARA

«Mozal legea» salatzeko elkartu dira Iruñean

Dozenaka lagunek hartu zuten parte atzo Duintasunaren Martxak egindako elkarretaratzean. Iruñeko Merindadeen plazan bildutakoek adierazpen askatasuna aldarrikatu eta pairatzen duten errepresioa salatu zuten. Bide batez, Carmen Albaren dimisioa ere eskatu zuten.

Elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek Gobernu espainolaren Iruñeko ordezkaritzaren aurrean, Herritarren Segurtasunerako Legearen, hots «Mozal legea» delakoaren, aurka. Bildutakoek legearen kontra mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu eta adierazpen askatasuna aldarrikatu zuten. «Errepresio askatasuna bukatzen denean, hasten da adierazpen askatasuna. Mozalaren legerik ez eta isunik ere ez», zioen hain zuzen atzo erakutsi zuten pankartak.

Efek aditzera eman zuenez, Duintasunaren Martxako kideek, elkarretaratzearen antolatzaileek, Rajoyren Gobernuak martxan jarri dituen errepresio ekimenek herritarrak «terrorista» bilakatzen dituztela kritikatu zuten. Halaber, beren ustez, «Mozal legeak», PPren gehiengo osoari esker abenduan Madrilgo Kongresuak onartutakoak, botere banaketa desagerraraztea du helburu.

Zentzu horretan, Iñigo Rudi Batzarreko kideak Herritarren Segurtasunerako Legeak gutxitan izan den «askatasun murrizketa» eragingo duela salatu zuen. «Lehen `hutsegiteak' zirenak `delitu' bilakatu ditu, eta neurrigabe zigortzen dira», esan zuen ezarritako isunak askotan gehiegizkoak direla nabarmendu ostean.

«`Mozal legea' neurriz kanpoko lege bat da, eta Duintasunaren Martxan parte hartzen dugunok, beste eragile batzuekin batera, lege hori indargabetu arte lanean jarraituko dugu», gaineratu zuen.

Albaren dimisioa eskatu dute

Merindadeen plazan bildutakoek mezu argia jaurti zuten: herritarrek «ogia, lana, etxebizitza eta duintasuna» izan nahi dituztela, ez Madrilgo Gobernuak onartu dituen lege errepresiboak. «Haien borrek ez gaituzte isilduko», oihukatu eta diru publikoa lapurtu duten politikarien dimisioa eskatu zuten; horien artean, Carmen Alba Gobernu espainolaren nafar ordezkariaren dimisioa.

Horren harira, Nafarroako Parlamentuak Carmen Albaren jarduera gaitzesteko adierazpena onartu ondoren, Amaiurrek joan den astean Barne ministroaren agerraldia eskatu zuen, akordio horren gaineko haren iritzia ezagutzeko. Koalizio subiranistak Gobernu espainolak Carmen Alba kargutik kentzeko asmorik baduen ala ez jakin nahi du.

Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak esan zuen «Nafarroa, bidegabekeriaren, askatasun murrizketen eta neurri errepresiboen gehiegizko erabileraren erreinu» bihurtu dela. Koalizioak Nafarroak pairatzen duen errepresioari buruzko hainbat galdera aurkeztu ditu Madrilen, Kongresuan.