GARA GASTEIZ

Oihane Perea gailendu zen Dulantziko lehen finalaurrekoan

Arabako Bertsolari Txapelketak lehen finalaurrekoa izan zuen atzo Dulantzin jokatutako saioan. Azken edizioko irabazlea, Oihane Perea, txapelari eusteko gogoz agertu da. Zalduondarrak egin zuen saiorik onena, eta Ruben Sanchez 2013ko finalista geratu zen bigarren.

Motorrak berotu ditu dagoeneko Arabako Bertsolari Txapelketak. Dulantzin izan zuen atzo lehenengo hitzordua. Bertan jokatu zen aurreneko finalaurrekoa. Hitzordua, arratsaldeko bost eta erdietan Kultur Etxean. Oholtza gainean sei bertsolari; horien artean Oihane Perea, 2013ko edizioko txapelduna. Zalduondarrarekin batera, Ruben Sanchez, Iker Pastor, Unai Bengoetxea, Ander Solozabal eta Irati Anda. Gai jartzaile lanetan, berriz, Marta Ugarte.

Oihane Pereak txapela bere eskuetan mantentzeko helburua agertu du, eta bide horretan lehenengo urratsa egin zuen Dulantzin. Berak egin zuen saiorik onena eta, hartara, puntuaziorik altuena ere berarentzat izan zen; 321,5 orotara.

Atzokoan, gainera, aurreko edizioetan baino bertso puntuagarri gehiago kantatu behar izan zituzten. Zailtasunak zailtasun, Zalduondokoa gailendu zen atzoko saioan eta, horrela, bigarren itzuliko laugarren finalaurrekorako txartela eskuratu zuen. Hurrengo zita, beraz, otsailaren 21ean izango du, Aramaion.

Gainontzeko bertsolariak lehenengo finalaurrekoetako beste puntuazioen zain geratu ziren, horien arabera erabakiko baita bigarren itzuliko finalaurrekoetako lehiakideen zerrenda.

Dezenteko aldea atera zion gainera Oihane Pereak saioko bigarren sailkatuari, Ruben Sanchezi, hain zuzen. Gasteiztarrak 313,5 puntu eskuratu zituen, Pereak baino zortzi gutxiago. Zuzeneko lehian aritutakoak dira bi bertsolariak. Izan ere, 2013an jokatutako Arabako Bertsolari Txapelketako finalean parte hartu zuten biek. Orduko hartan Perea izan zen jaun eta jabe.

Gainerako parte hartzaileei dagokienez, Irati Andak hirugarren postuan amaitu zuen saioa, 299,5 punturekin. Bere atzetik, Iker Pastor (287), Ander Solozabal (271,5) eta Unai Bengoetxea (264,5) geratu ziren.

Lehenengo itzuliaren hiru finalaurrekoetako epaimahaia Patxi Aizpurua, Aitor Jimenez, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Iker Elexpuruk osatzen dute. Hurrengo lan saioa datorren igandean, Laudion jokatuko den bigarren finalaurrekoan.