GARA

592.665 euroko aurrekontua aurreikusi du Donostiak Hezkuntzarako

Donostiako Udala aurrekontu proiektuak aurkezten ari da egun hauetan eta atzo hezkuntzari eta euskarari dagozkionen berri eman zuten. Hezkuntzari dagokionez, 592.665 euro aurreikusi ditu eta horietatik 355.165 aurten gauzatuko diren ekimenetara bideratuko dira. Udalak ez dauka hezkuntzaren gaineko eskumenik, baina eskolen funtzionamendua eta mantenua hobetzeaz arduratzen da.

Hala, 225.000 euro hiru eskolatako eraikinetan obrak egiteko baliatuko dira; Zuhaizti eskolako leihoak (115.000 euro), Katalina Erausokoak (75.000) eta Amara Berri Urbietakoak (35.000) berrituko dituzte.

Hezkuntzako partida eskoletako garbiketa lanak edota atezain eta arduradunen gastuak kudeatzeko ere erabiliko da. Bestalde, aurrekontuaren zati bat (219.376 euro) heziketa programak garatzeko eta diru laguntzak emateko erabiliko dute. «Eskola Txikientzako diru laguntzak sortu ditugu; izan ere, beste hezkuntza eredu baten bideragarritasuna babestu nahi izan dugu, eta ikastetxe horietako ikasleen aukera-berdintasuna bermatu. Berezko ezaugarriak dituzte, eta hirigunean egon ez arren, aukera berberak izan behar dituztela uste dugu», aipatu zuen Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotziak.

%13,88 gehiago

Nerea Txapartegi Euskara arduradunari ere egokitu zitzaion bere sailaren gaineko aurrekontuen berri ematea. Guztira 2.836.718 euro banatzeko proposamena egin zuen Udalak, aurreko urtean baino %13,88 gehiago. Txapartegiren ustez, igoera honek agerian uzten du legealdiaren lehentasunak izan direla euskararen normalizazioa eta sustapena.

Alde batetik, 100.000 euroko partida Aiete eta Egia auzoetan parkeetan euskara erabiltzera animatzen duen Parketarrak ekimena zabaltzeko erabili nahi dute. Beste 60.000 euro taberna, jatetxe eta dendetan euskara erabiltzeko kanpainara bideratuko dituzte.