Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Aupa Cristina, eutsi goiari

Syrizak Grezian lortu arrakastaz idaztear, dagoeneko nahikoa eta bost idatzi dela pentsatu... eta kasualitatearen kapritxoak zer diren! Demis Roussos handia hil zaigula eta bere «Triki, triki, triki, triki, triki mon amour» abesti gogoangarriaz akordatu naiz, edo Ridley Scott-en «Blade Runner» filmean bere lagun Vangelisekin egin zuten hots-banda. Roussosek freskatzen dizkidan oroitzez hasi behar nuen idazten F-16 hegazkin militar greziarrak Albaceten izan duen istripuaren berri izan dudanean. Egunerokoaren ironiak zer diren! Grezia notizia dugu, politikan, ekonomian, heriotza-oharretan, gertakarien orrialdeetan... Aupa Syriza barru-barrutik atera, dauden tokian Ernesto Laclau eta Antonio Gramsci oso pozik egongo direla gogoratu, eta, Greziatik urruti, Argentinara narama gogoak.

Alberto Nisman fiskalaren heriotzak aztoratu ditu bazterrak. Bere buruaz beste eginda ala norbaitek buruan tiro eginda hil den ez da oraindik jakina. Baina kuriosoa da memoria eta justiziaren alde hainbeste egin duen Cristina Fernandez de Kirchner susmagarri egin dutela diktadura argentinarraren konplize izan ziren egunkariak eta masakre haren estaltzaile izan ziren munduko egunkari «errespetagarriak».

Garai hauek gidatu nahi dituzten «demokrata» eta «liberalen» historian beti berdin gertatzen da: justizia erabakitzen den eremuan sartzen bazaituzte, ongi etorri irain- duen zerrendara, historiaren liburu beltzera. Eta korporazioen interesei erasotzen badiezu, marxistek deitzen zuten «infraestrukturan» errotiko aldaketak eragiten badituzu, akabo! Robespierre hiltzaile. Lenin hiltzaile. Mao hiltzaile. Castro hiltzaile. Guevara hiltzaile. Cristina Fernandez de Kirchner hiltzaile. Aupa Cristina, eutsi goiari!

Sizilian girotutako «Hilotz txit gorenak» filmean, politikan hilotzen manipulazioak dituen arriskuez ohartarazten da. Latinoamerikan adibide asko ditugu. Manipulazioak orain Cristina du jopuntuan, egin eta ordezkatzen duen politikagatik. Hori ez diote barkatzen. Ez dugu bakarrik utziko.