Maider IANTZI
Ituren eta Zubietako inauteriak

Herri izaera gordetzen duen besta basatia, nazioarteko bilakatua

Zubietako arkupeetako prestaketetatik hasi eta Iturengo plazako erabateko askatasun eta irrira -eta, gaur, alderantziz- joaldunak protagonista dituzten inauteriek bestaren parte egiten dituzte printzipioz ikustera datozen bisitariak. Hori izanen da, herri izaera basati eta autentikoa gordetzearekin batera, arrakastaren sekretua.

Etxez etxe puskak bildu (xingarra, arrautzak eta halako jakiak) eta hamaiketako eder baten bueltan bildu dira zubietarrak Herriko Ostatuaren azpiko txokoan. Bitartean, Ituren, Aurtitz eta Zubieta bera toki guztietako bisitariz bete dira.

Auto ilara eta autobusen gibeletik ailegatu gara inauterietan gau eta egun martxan den Zubietako Herrikora. Sukaldean jo eta ke ari dira Angelines eta Chelo jabeak, senideak laguntzaile dituztela. Aspaldi oroitzen dituzte inauteriak horrela, hain jendetsuak, duela 40 bat urtetik bai. Lehenago, joaldun gutxiago ateratzen omen ziren, erremintarik ez zegoela-eta. Joareak Frantziatik ekartzen hasi zirenean ugaritu ziren jotzaileak, eta gaur egun 30 bat dira.

Zehaztu dutenez, agian denak ez dira ateratzen, batzuk mozorrotu egiten dira, baina orotara pila bat dira. Ez dira inauterietara mugatzen eta Euskal Herrian ongi ezagutzen ditugu, han eta hemen ibiltzen baitira urte osoan. Adibidez, Eguberrietan bi talde osatu eta bat Iruñera joan zen eta bertzea, Bilbora. «Las brujas de Zugarramurdi» filmean ere parte hartu zuten eta horrek are ezagunago egin zituen. Dena den, Malerrekako paraje eder honetako besta ospetsu egin zenetik, orain dela mende erdi, alde guztietako lagunak hartzen dituzte apopilo.

Aunitz gipuzkoarrak dira, Iruñea eta Hendaia aldekoak... Eta Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira guti. Elkarrizketaren unean, hogei laguneko valentziar kuadrilla bat ari da gosaltzen, eta bertan aterpea hartua duen neska japoniar bat ere herrian bueltaka dabil ttuntturro eta ardi larruek liluratuta. Geroago topatuko gara eurekin.

Otorduak, oinarri

Orain, goazen protagonistak ezagutzera. Arkupeetako atea itxita dago, gosaltzen bukatzen ari dira, baina ostatuan erran digute lasai sartzeko -«bukaeran, suaren ondoan dauden horiengana joan, horiek dira bertakoak», aholkatu digute- eta hala elkartu gara antolatzaileekin.

Diru poltsa eskuan ikusi dugu Imanol Baleztena, eta «kontu egite» famatuaz galdetu diogu. Azaldu duenez, elkarte bat dute Zubietako Gazteak deitzen dena eta hor sartzen denak larunbat gauetik asteazken gau arteko otordu guztiak -gosariak, bazkariak eta afariak- beteta izanen ditu. Ez du deus ordaindu beharrik izanen kontu egunera arte.

Menuak bereziak dira: gosaltzeko, adibidez, baratxuri zopa, arrautza frijituak, txistorra, xingarra, kafea eta kopak hartu dituzte. «Inportantea da eguna aguantatzeko», baieztatu du gazteak, agurtu eta etxera aldatzera joan aitzinetik.

Etxera joan dira joaldunen arropak janztera, baina berehala itzuli dira arkupera, hemen prestatzen baitira ateratzeko. Hemen kozinatzen da besta, hemen lotzen dituzte indarka joareak eta ardi larrua gerrian (zubietarrak eta iturendarrak bereizteko, nahikoa da ardi larruari erreparatzea: Ituren eta Aurtizkoek bi larru izaten dituzte, bat gerrian eta bertzea bizkarrean; Zubietakoek, bakarra).

Prestaketak berak ikusmin handia sortu du eta arkupea begiz eta kameraz leporaino dago: hango eta hemengo herritarrak, jakin-minak bultzatuta, eta tartean kazetariak. Hemen aurkitu ditugu valentziarrak eta nolatan etorri diren kontatu digute. Lagun batek turismo enpresa batean egiten du lan (Navarra Natural izenekoan) eta berarekin ezagutzen ari dira paraje hauetako ohiturak. Igandean Sunbillako desfileaz gozatu zuten, eta «dibertigarriak eta burutsuak» iruditu zitzaizkien karrozak, eta orain joaldunekin batera dabiltza, «eurek egiten duten gauza bera eginez», erran digutenez. Gosaritan, txistorraren eta arrautza frijituaren ondotik, mamia bi aldiz janez, adibidez. Ezberdintasun txiki bat dago bien artean: valentziarrek ez dute joarerik jotzen, baina jandakoa hauen atzetik hara eta hona ibiliz erretzen dute.

Oronotzen hartua dute ostatu eta gaur Bertizko lorategietan paseo lasai bat emanez pasatuko dute biharamuna, Valentziarako autobusa hartu aitzinetik.

Mika neska japoniarra atean dago. Granadan bizi dela eta bisitan etorri dela agertu du irribarrez. «Argazki bat ikusi nuen eta interes handia sortu zitzaidan. Joaldunei ibilbidean lagundu nahiko nieke, paisaiaz disfrutatu paseo bat emanez eta prozesua ikusi». Barrenera gonbidatu eta pozik sartu da kamera eskuan.

Bidean

Aterpetik atera eta Iturenerantz abiatu direnean Mendaroko mutil bati malko batek ihes egin dio, eta ondoko neska durangarrak barrez kontsolatu du. Tranpa ttiki batekin, ziztu bizian dira joaldunak Aurtitzen, hangoekin salda beroa hartzeko prest.

Bidean, izaki beldurgarriek ikuslea eskutik heldu eta bestara gonbidatzen dute, ikaratu egiten dute, hauts magikoz zikindu... Master Txof izena du karroza batek eta bertan ederki pasatzen ari dira umeak elkar zikintzen eta borrokatzen. Bertze lagun batzuk ardi bilakatu dira eta eurak bezala dabiltza «beeee» eta «beeee» jendea zirikatzen. Ikusle soila izatea ezinezkoa da hemen eta denetariko sorpresak hartzen dira. Sonbrilla batekin ipurdia garbitu diezazukete, edo porruekin gorputza igurtzi.

Hartza saltoka aitzinean dutela, Latsagako zubitik pasatu dira joaldunak, argazkilariz jositako bidexka batetik. Lokatzetan barna doa jendetza atzetik, mendi elurtuak bezain zuri hauts magikoengatik eta ezpainetan irri batekin.

Irrintzi artean sartu da Iturenen desfilea eta orduan, zubietarrak, aurtiztarrak eta iturendarrak elkartzean -tartean joaldunen geroa ziurtatzen duten neska eta mutil koskorrak isipuari eragiten- gainezka egin du inauteriak. Hemen ez da hotzik eta aunitz dira gerrian ardi larrua bertzerik ez daramaten lagunak. Zubietako Potruk izeneko karrozan, harago doaz. Bi zulo goian ikusteko, eta bertze bi beherago potroak erakusteko... «Ez nuen uste benetakoak izanen zirenik!», oihukatu du emakume batek algara batean. Bertze batek eskua ere luzatu du ukitzeko...

Irri ugari egiten ari da jendea txirristaren gurdiarekin ere. «Ikaragarria iruditzen zait, egiazko zerbait», dio «bizi osoa» etortzen daraman oiartzuarrak. Hemen ere erdi biluzik doaz eta sekulako borroketan dabiltza euren artean, era basatian, azala gorrituta.

Bitartean, plazaren bertze aldean, besoetan goxo-goxo dauden jaioberriak, zaharrak zein gazteak, denak elkarrekin dantzan ari dira sekulako kolore besta sortuz: txorimalo txapelak, era guztietako oihalak, laukidun atorrak, zaku zaharrak, maskara ugari... Begira dituzte hamaika begi eta kamera, baita dron bat ere. Erabateko askatasuna eta erabateko besta da hemen, ez ikusten baizik eta bizitzen dena.