GARA DONOSTIA

Aulki jokoan jolastera zirikatuko ditu bertsolariak Bertso Egunak

Kolore ezberdinetako hamabi aulki eta proposamen bat biltzen ditu aurtengo Donostiako Bertso Eguneko kartelak: «Jolastu nahi?». Lema horren pean jolasak eta errimak batuko dira larunbatean Donostian, kaleetan hasi, Kursaalen jarraitu eta bertsozaleen afariarekin amaituz.

Iritsi da berriro ere urteroko zita eta, aurtengoan ere, Donostiako Bertso Egunak errimaz, festaz eta, batik bat, bertsozalez beteko ditu hiriko kaleak. Atzo egindako aurkezpen ekitaldian aditzera eman zuten gisara, hitzordurako diseinatu duten kartelak ematen du ekimenak aurten ekarriko duenaren pistarik: «Jolasteko prest dauden hamabi aulki ikusten dira. Aulki bakoitzak du kolore ezberdina eta eszenatokian era ezberdinean dago kokatua. Bertsolariak jolas daitezen nahi dugu, baina serio jolas daitezela. Jolas daitezen, kantuan aritu daitezen. Ez ezazue bestelako ikuskizunik espero, bertso saio bat izango da».

Aurreko urteetan bezala, 46. Bertso Egun honetarako ere egun osoko programa atondu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Eguerdian hasita, bederatzi bertsolarik hartuko dituzte hiriko kaleak eta kantu bana eskainiko diote bisitatuko duten eszenatoki bakoitzari: Bretxa merkatua, Konstituzio plaza eta Ikatz kalea. Lehen saio honetan Amaia Agirre, Iñaki Zelaia, Eneko Fernandez, Arrate Illaro, Xabi Igoa, Nahikari Gabilondo, Ander Elortegi, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallus arituko dira.

«Eskarmentu handiko jendea eta bertsotan hasiberria dena elkarrekin kantuan jarri nahi izan ditugu goizeko ekitaldian. Eguraldiak laguntzen badu goizetik hasiko da bertso festa Donostian», azaldu zuten aurkezpen ekitaldian.

Bazkarirako tartea hartuta, arratsaldeko seietan etorriko da Bertso Eguneko zita bereziena, Kursaaleko areto nagusian egin ohi den bertso saioa. Urtero legez, espazio honek esperimentaziorako tartea eskaintzen die bertsolariei eta, ezer aurreratu nahi izan ez bazuten ere, antolakuntzatik adierazi zutenez aurten ere «mimoz eta ilusioz» osatu dute saioa. Bertan, kartelak iragartzen duen gisara, hamabi bertsolarik hartuko dute parte: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Estangaren «Bat-batean»

Iluntzean, Manteo kiroldegian jarraituko du festak. Bertso-afari formatuan saio berezia egingo dute Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Sebastian Lizaso, Irati Anda eta Fredi Paiak eta, haren ostean, Oscar Estangak «Bat-batean» ikuskizuna eskainiko du. Gitarra esku artean duela, musika eta bertsoa uztartu eta bertsolariak «Guantanamera», «Volando voy» edo «No woman no cry» doinuen erritmora abestera gonbidatuko ditu Estangak, besteak beste.

Antolakuntzatik adierazi zutenaren arabera, ekitaldirako 500 sarrera inguru geratzen dira oraindik eta afarirako «bada nahikoa sarrera». Horiek eskuratu nahiko lituzkeenak bi bide ditu: batetik, ostirala bitartean www.bertsosarrerak.eus helbidean eros daitezke eta, bestetik, sarrerarik geratuko balitz larunbatean bertan jarriko lituzkete salgai, arratsaldeko lauretatik aurrera, Kursaaleko leihatilan. Arratsaldeko saiorako sarrerak 18 euroan daude salgai (8 gazteentzat; 13 bazkideentzat) eta Kursaaleko saiorako eta afarirako sarrera batera erosteko aukera ere badago, 40 euroren truke (30 gazteentzat; 33 bazkideentzat).

Azkenik, ekitaldia ikusi nahi baina Donostiara gerturatzeko aukerarik ez duenak ere izango du Kursaaleko saioa jarraitzeko modurik. Batetik, ekitaldia osorik grabatuko du EiTBk eta gaueko hamarretan hasita emango du ETB1en. Bestetik, ekitaldia Internet bidez jarraitzeko aukera ere izango da, www.bertsoa.com atariaren bidez.

Informazio gehiagorako, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen web orrialdera (www.bertsozale.eus) jo daiteke.

Egitaraua

Donostiako kaleetan: 12.00etatik aurrera Bretxan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean arituko dira bertsolariak.

Ekitaldi nagusia: 18.00etan, Kursaaleko areto nagusian.

Afaria: 21.00etan, Manteo kiroldegian.

Sarrerak: Ostirala bitartean «www.bertsosarrerak.eus» helbidean (ekitaldia, 18 euro; ekitaldia eta afaria, 40 euro). Egunean bertan, 16.00etatik aurrera Kursaaleko leihatilan.