J.S.

Gazteriaren prekarietatea salatzeko jokoa aurkeztu du EGK-k Unibertsitatean

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) «Prekarioka» jokoa eman zuen ezagutzera atzo Donostiako EHUko campuseko ikasleen artean, gazteriaren prekarietatearen errealitatea salatu eta enplegu duin bat bilatzean aurkitzen dituzten zailtasunak ikusarazteko. Dagoeneko jokoa Interneten eskuragarri dago, Prekarioka.org webgunean.

Itsaso Andueza EGK-ko presidenteak azaldu zuenez, «gazteon prekarietatea joko taula zabal bat bezalakoa da. Hamaika aurpegi ezberdin ditu eta gazteok kutxatila batetik bestera mugitzen gara. Batzuetan, aurrera egiten dugula badirudi ere, gure lan baldintzek atzera egiten dute; inoiz ez dakigu zein izango den gure hurrengo egoera eta behin jokatzen hasita, ez dugu jokotik irteteko aukera askorik».

Anduezak azaldu zuenez, atzo aurkeztutako jokoa administrazioei bidali diete, batez ere gazteria eta enplegu arloetan eskumenak dituztenei. Gainera, hurrengo asteetan gazteengandik jasotako ekarpenak ere kontuan izango dituzte, «prekarietatearen eta errealitatearen irudia osatzeko oso baliagarria izango delako». Ondoren, ideia hauek batu eta administrazio eta politikariei helaraziko dizkiete.