Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren askotasuna

Euskal Herriko musika talde, bakarlari, bikote zein musika egiten duen beste edozein euskarri unean uneko agintean izan den botere politikoaren diskurtso politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalaren aurrean, gehienetan, kritiko agertu da indarrean zegoen boterearekin 1960ko hamarkadatik aurrera. Demokrazia formalaren ohiko parametro kulturaletik urrun ibili dira euskal artistak, oro har. Kultura alternatibo horretan mamitutako lehentasunak izan zuen, eta duen, leloa desobedientzia kulturala da, kantuak baliabide bezala hartuta. Baina zer musika ezaugarri edo zer-nolako musika klabeetan eman diote bidea sorkuntzari? Denboraldi bakoitzaren ondarearen ikuspegitik aztertuta, ezin da taldeen sinplifikazio historikorik egin, askotan izan delako musika aniztasuna. Halere, buruan izango ditugu beti zale gehien batu zutenen izen eta musika estiloak, gogoratzeko errazenak izan daitezkeelako eta, agian, garrantzitsuenak izan zirelako (Ez Dok Amairu, RRV, triki-pop, plaza-taldeak...). Amerikan eta Europan gehien egosten ziren estiloak geureganatu genituen eta haien bertsioekin hazi ginen. Musika txirikorda askotakoak izan ziren sortzaileen buruetan, nahiz eta diferentzia musikalak oso handiak izan. Ez Dok Amairuren jaialdietatik punk esparrura egin zuten jauzi gazteen ekintzek. Oparotasuna eta ugaritasuna bizi zuen rockak eta punkak eta ia beste ezerk ez zuen funtzionatu salmenta mailan euskal musikan. Musika estilo horren nagusikeriak beste hainbat melodia ikusgarritasunik gabe utzi zituen. Baina aniztasuna izan da. Ez da inoiz posible izango AEBetan dagoen denetariko hori gurean izatea. Musikaren pantonera ez dugu, baina diskora iritsi gabeko estilo asko jorratu dira Euskal Herrian.