Amagoia MUJIKA
Bertso Eguna Donostian

«Zuen bizitza ahal den neurrian jolas bat izan dadila»

Ondo pasatu ohi du jolasten denak, tarteka belaunak urratu arren. Eta berdin ondo pasatzen du begira dagoenak. Kursaalgo areto nagusian jolasean aritu ziren hamabi bertsolari bi ordu eta erdiz, maiz jolasa akrobazia bihurtuz eta hitzarekin txilinbueltak eginez.

Bi ordu eta erdi inguruko saioa izan zen. Oholtza gaineko bertsolari jostalariek eskutik heldu eta hara eta hona ibili zuten Kursaalgo areto nagusia lepo bete zuen bertsozalea. Eta zein ondo pasatu zuten elkarrekin. Izan ere, jolasak bi aurpegi horiek dauzka; ondo pasatzen du jolasten denak, baina berdin ondo pasatzen du begira dagoenak.

Jolasaren apologia izan da aurtengo Bertso Eguneko proposamenaren zutoina. Bi mila bertsozaleren bueltan batu ziren arratsaldeko saioan eta irteeran ia denek zeramaten aldean irria. Arratsaldea polito joan zen seinale.

Oholtzaren jantzia, bikaina. Koloretako hamabi aulki ilaran jarrita, Bertso Eguneko kartelean bezalaxe. Koloretako hamabi bertsolari hiru taldetan banatuta. Eta hiru gai-jartzaile, talde bakoitzak berea. Ilunpetan hasi zen saioa, eta gonbita, zuzena: «Bat, bi eta hiru. Jolastu nahi?». Eta, bertsozaleak, baietz. Bertsolariak ere jolaserako zeuden, eta horrek asko lagundu zuen.

Lehen laukotea Josu Goikoetxeak gidatu zuen eta Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Unai Agirre eta Nerea Ibarzabal animatu ziren jostatzera.

Aitor Mendiluze eta Unai Agirre pertsonaietara jolastu ziren ariketa batean. Mendiluze, Bilintxen azalean eta Agirre, Txirritarenean. Bulebarreko aulki batean eserarazi zituen Goikoetxeak, egungo Donostia eta donostiarrak begi aurrean. Bai bata zein bestea, ederki sartu ziren pertsonaiaren azalean. Bikain ekarri zituzten Bilintxen eta Txirritaren ahotsak, bakoitzak doinu propioa erabiltzeraino. Erakustaldi bikaina izan zen eta jolasa akrobazia bihurtu zuten.

Nerea Ibarzabal zen jostalarietan gazteena eta benetan saio ederra jostatu zuen. Fresko eta etorri handiarekin. «Aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz...» abestia jarri zioten gai modura. Hauxe, bere lehenaren amaiera, «gure klasean zabaltzen ziren unean bi ate/ patiora joaten ginen gu hamabiak bitarte/ eta orduan jolasek etziguten egin kalte/ sokasaltoak zenbat min ta batzutan zenbat arte/ ni ere enintzen ibiltzen jolas hortatik aparte/ beti aguantatzen nuen hirurogei saltora arte». Bigarrena, honela amaitu zuen, «neskok zenbat belaun eta zenbat ukalondo laztu/ eta mutilek ez zuten sekula hontan jolastu». Eta, azkenaren errematea, «ba ni enaiz ezkonduko aitortzen dut orain bertan/ lehen hortan jolasten nintzen ta orain ezkutaketan».

Gero, ezkutaketan denak aritu ziren, Amets Arzallus paretaren kontra kontatzen eta beste hirurak ezkutatzen. Hor ere bizi joan zen saioa, eta aise asmatu zuen Arzallusek non ezkutatuta zeuden besteak. Sentsazioa izan genuen bertsolariek ere oso ondo pasatu zutela saioan.

Zerbait aldatuko da?

Bigarren laukotea Eñaut Agirrek gidatu zuen. Andoni Egaña, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina aritu ziren elkarrekin. Egañak bakarka sekulakoa josi zuen. Bi argazki jarri zizkion Eñaut Agirrek bien arteko desberdintasunak topatzeko: Madrilgo Sol plaza atzo goizeko 09.30ean, plaza huts samar zegoela. Eta plaza bera eguerdiko 12.30ean, jendez lepo, Podemos alderdiak deituriko manifestazioa zela-eta. «Zerbait aldatu da? Zerbait aldatuko da?», bota zion galdera gai-jartzaileak.

Egañaren lehena, «aldatzea on litzake ta ez aldatzea txarra/ aldatuko den ez dakit, baina badago beharra». Eta, hirugarrena, «Gizartean egoera ez da batere eztia/ Ta talde bat azaldu zen aurrerakoi, amestia/ nahiz eta boterea beti izaten den garestia/ beti ez gera izango boteretsuen uzkia/ ia noizbait betetzen den agindutako guztia/ Sol plaza hortan azaldu den premi eta angustia/ goizean goiz itzala zen ta eguerdian eguzkia».

Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Alaia Martin ere majo aritu ziren amona-semea-alaba paperean, zeinek zein kontrolatuko. Umorea zaparradak izan ziren barruan, kanpoan euri zaparradak adina edo.

Hirugarren taldea gidatzera Ainhoa Aranburu atera zen. Eta aulki koloretsu, handi eta dotoreetatik altxarazi zituen Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo eta Eneko Lazkoz. Ordurako, saioa ordu eta erdi luze zen. Umetan, txikitan, nolakoak ote ziren imajinatzen hasi ziren. Batzuk besteak nolakoak ziren imajinatzen, alegia. Unai hasi zen Maialeni buruz, «neska gogorra eta gotorra, mutur beltza eta punto/ nik badaezpada honi enion inoiz baloirik kenduko». Eta Maialenen erantzuna, «sorgin eta soka saltaria, kopeta beltza ere maiz/ pena da baina denborarekin domestikatzen ari naiz». Lauren artean oso ariketa bizia josi zuten.

Aurreraxegoa, Maialenek sinadura propioko bakarkako bat marraztu zuen. «Jolastu leike? Ez» gaiari, honela kantatu zion hirugarrenean, «espazioa eta jokoa nahi degu geureganatu/ ta beste gisaz eta justiziz gure erara banatu/ baloi jabe den agintariak ez gaitzala gu manatu/ baloia ostu beharko zaio eta besteontzat hartu/ edo bestela baloirik gabe beste joku bat asmatu».

Saioaren amaiera aldean, Asisko Urmeneta eta Marko marrazkilariak agertu ziren oholtzara. Ainhoa Aranburuk marrazki bat erakutsi zien Maialen Lujanbiori eta Unai Iturriagari, eta bertsolarien argibideekin marraztu behar zuten Asiskok eta Markok. Oso une polita izan zen, barregarria askotan eta oso bizia. Azkenean, gainera, elkarlanean marrazki originalera asko gerturatzea lortu zuten.

Eta amaiera, bikaina izan zen. Hamabi bertsolariak aulki jokoan aritu ziren, eta horrela joan ziren agurtzen, aulkirik gabe gelditzen ziren ordenean. Jolasaren gailurtxoa izan zen amaierakoa. Eta serio hartu zuten kontua, Unai Agirrek eta Amets Arzallusek aulki berberagatik gogor egin zuten borrokan, lurrera erori eta aulkia puskatzeraino. Arzallusek aitortu zuenez, «ai zer den galtzea ez gustatzea, ipurdiak kili-kili».

Alaia Martin eta Maialen Lujanbio iritsi ziren bukaeraraino. Eta, azkenean, Maialen txapeldun aulki jokoan. «Gainezka omen doazenean Urumea, Deba, Arga/ nahiz ta krisia nahiz ta bankuak langabezia beharba/ gure hizkuntzak dun egoera gure orainaren karga/ eskerrak zuri bertsozalea hainbeste notizi txar ta/ dena jokoan dagoenean jolastu ere egin behar da», irabazlearen azken agurra.

Bukatzeko, Onintza Enbeitari lapurtu diogun izenburura buelta: «zuen bizitza ahal den neurrian jolas bat izan dadila».