Amalur ARTOLA BURLATA

«Demokraziaren fartsaren» gaineko gogoeta dakar «Fausto» antzezlanak

Jakinduriaren truke deabruari arima saltzen dion doktorea du protagonista Faustoren mitoak. XVI. mendeko obra gaur egunera ekarri eta «demokraziaren fartsaren» menpeko den pertsonaia aurkezten dute «Fausto, herritar eredugarri» antzezlanean. Galder Perezek zuzendutako lana euskaraz ikus daiteke orain, Korrika Kulturalaren barnean. Musika elektronikoa, iluntasuna eta gordintasuna erabilita, «begiak irekitzera» gonbidatzen dute ikuslea.

Faustoren mitoaz Christopher Marlowek XVI. mendean egindako bertsioa du oinarri «Fausto, herritar eredugarri» obrak. Bertan, jakinduariaren truke bere burua deabruari saltzen dion pertsonaiak egin beharreko bidaia kontatzen da. Aitor Otaolak, Mikel Losadak eta Galder Perezek testu horretatik abiatuta osatutako bertsioan, demokraziak beteko du deabruaren papera. Eta, kartzela, gizartea bera izango da.

«Orain lauzpabost urte hasi ginen testuarekin jolasean, oso gustuko dugulako. Moldaketa batzuk egin genizkion eta orain bi urte inguru gaur egunera eta gurera ekarri behar genuela erabaki genuen», azaldu du obraren zuzendari Perezek. Marlowek proposatutako egitura eta Fausto eta Mefistofelesen (deabruaren zerbitzaria) arteko harremana bere horretan mantenduz, gaur egunera ekartzeko edukien bila hasi ziren: «Gaur egun `arrakasta' izatearen truke arima demokraziari saltzen diogula uste dugu, demokrazia dela gaur egungo iruzurrik handienetakoa. Ongizate gizartean gaudela ematen du eta berak gu zaintzen gaituela, baina azkenean kontrakoa gertatzen da: kartzela handi honen menpeko gara».

Euskaraz, Fredi Paiaren eskutik

Gaztelaniazko bertsioa orain urtebete eskas estreinatu zuten, Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola eta Diego Perez pertsonaien larruan sartuta eta, orain, aktore berak izango dira euskarazko bertsioa taularatuko dutenak. Perezen kasuan, gainera, hau da euskaraz antzeztuko duen lehen obra. «Gure arteko harremana euskarazkoa denez, bagenuen asmoa eta, Fredik [Paia] obra ikusi zuenean eta gure asmoen berri eman genionean, berehala esan zigun berak egingo zuela itzulpena». Obran zehar zuka, hika eta berorika mintzatzen dira pertsonaiak, eta azkenak lan apur bat eman diela aitortu du zuzendariak: «Herri honetan elitean geratu da berorikaren tratamendu guztia, abadeekin hitz egiteko batez ere. Fredik hori ondo landu du. Testua bera oso barrokoa denez, esaldi korapilatsuei aurre ondo egin die eta bere ateraldiak, Frediren aho eta luma zorrotz hori, testuan txertatzen jakin izan du». Hala, gaztelaniazko bertsioak poema ezagunak barneratzen zituen bezala, Paiak Bilintx bertsolariaren edota Kaxiano abeslariaren kantuak sartu ditu testuan.

«Gaztelerazkoa hobetu duela uste dugu. Sorpresa oso polita hartu genuen testua erakutsi zigunean, testuaren dotoretasuna mantendu eta bigarren buelta bat ematen jakin duelako», dio Perezek eta, aldi berean, hizkuntzak obra «etxera» ekartzen du, bere hitzetan: «Hizkuntza da euskaldun egiten gaituena eta, entseguetan jolasten, testua Euskal Herrira ekarri duten hainbat elementu txertatu ditugu. Etxekoagoa bihurtu dugu».

Eszenografia aldetik apurtzailea da «Fausto, hiritar eredugarria». Larruzko jantziek, iluntasunak eta tekno musikak giro gordinean barnerarazten ditu ikusleak. «Sinpletasuna bilatu nahi genuen, eta argiekin eta proiekzioekin jolastu. Ukitu postindustriala ere eman nahi genion. Oso biluzia eta bortitza da dena, eta estetika `sadomaso'-a oso presente dago, bi arrazoigatik. Batetik, oso lizuna iruditzen zaigulako bizi dugun momentua eta horrela erakutsi nahi dugulako, eta, bestetik, herritarrok demokraziak seduzitu gaitzala uzten dugula adierazi nahi genuelako. Egunero nola jipoitzen gaituzten ikusten dugu eta badirudi horrekin gozatu egiten dugula».

Antzezlanean paper berezia betetzen du musikak. Endika Lahaine rap abeslariak espresuki antzezlanerako sortutako kantuak eta Maisha MCren zuzeneko emanaldiek girotzen dute antzezlana.

«Endikak kristoren letrak sortu ditu, euskaraz indar handiagoa hartzen dutenak. Zuzenagoak dira», ziurtatu du Perezek. Bere aldetik, musika elektronikoak after-en kontzeptua lantzeko aukera ematen diela azaldu du: «Zer demonio gertatzen da sekulako parrandaren preso gaudenean? Sentipen eta emozioak libre uzten ditugu, baina ez dakigu benetan gure burmuina esna dagoen». After-en kontzeptu hori egungo gizartearekin alderatu nahi izan dute, «badirudielako dena primeran doakigula, gauza asko lortu ditugula, baina, tamalez, gauza oso materialekin konformatzen gara. Lurrera erortzen garenean konturatzen gara guzti hori ez dela ezer, dena faltsukeria hutsa dela eta horrekin ere jolastu nahi genuen. Musika bera, azkenean, pertsonaia bat gehiago da», amaitu du.

Bihar, Burlatan

Antzezlana Korrika Kulturalaren barnean aurkeztea «gozada bat» dela ziurtatu du Perezek, batetik euskararen aldeko festa erraldoian beste era batera parte hartzeko bidea zabaltzen dielako eta, bestetik, gaur egun antzerkian dabiltzanek euren lana zabaltzeko dituzten aukerak gero eta murritzagoak direlako: «Ekimenarekin bat egiteko aukera izateaz gain, antzerkia estreinatu eta zortzi emanaldi emateko aukera ematen digu. Eta hori, gaur egungo egoera kontuan hartuta, ia pentsaezina da». Donostiako lehen saioaren ostean, bihar Burlatan izango da «Fausto, herritar eredugarri», 20.30ean Kultur Etxean.