GARA LEGUTIO

Legutioko sailkapenaren arabera erabakiko dira gaur Langraiz Oka, Aramaio eta Zigoitiko saioak

Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa Legution jokatuko da gaur arratsaldean. Sei bertsolari berriz ere oholtzara, eta sailkapen horren ondoren erabakiko dira hurrengo saioak.

Finalaurrekoetako lehen itzuliari amaiera emango dio gaur Arabako Bertsolari Txapelketak Legution jokatuko den saioan. Hitzordua, arratsaldeko 17.30ean, Kultur Etxean.

Oraingoan ere, sei izango dira oholtza gainera igoko diren bertsolariak. Peru Abarrategi, Iker Agirre, Paula Amilburu, Xabi Igoa, Asier Rubio eta Iñaki Viñaspre arituko dira nor baino nor Legutioko lehian.

Egin beharreko lanak, aurreko saioetako berberak izango dira, hamahiru bertso puntuagarri orotara: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda, bertso bina zortziko txikian; eta bakarka, gaia emanda, bertso bina neurri librean. Gai jartzaile lanetan Nieves del Alamo arituko da.

Legutiokoa Arabako Bertsolari Txapelketaren barruan jokatzen den hirugarren finalaurrekoa izango da eta bertan sortzen den sailkapenaren arabera osatuko dira Aramaio, Zigoiti eta Langraiz Okako saioak.

Sarrerak gaur bertan jarriko dira salgai Kultur Etxeko leihatilan. Prezioetan ere ez da aldaketarik: bazkideentzat 4 euro, 16 urtetik beherakoentzat dohainik eta gainerakoentzat 6 euroko prezioan salduko dira.

Arabako Bertsolari Txapelketak, beraz, amaitutzat emango du gaur finalaurrekoetako lehenengo itzulia. Orain artean gertatutakoari errepasoa eginez gero, bi izen nagusitu dira lehenengo bi saioetan. Oihane Perea eta Xabier Agirre. Lehenengoak saiorik onena egin zuen Dulantzin jokatutako estreinako norgehiagokan. Bigarren sailkatua Ruben Sanchez izan zen.

Orain astebete jokatu zen, bestetik, lehenengo itzuliko bigarren finalaurrekoa. Laudion izan zen bertso saioa eta Manex Agirre geratu zen sailkapeneko lehenengo postuan.

Gaur Legution jokatuko den saioaren ondotik erabakiko dira, puntuazio guztien arabera, bigarren itzuliko bertso saioak.