Jon GARMENDIA
Idazlea

Gazura

C harente ibaiaren altzoan dago Angulema, 42 mila biztanleko hiri ttipia; kasualki, mila biztanleko, nazioarteko komiki jaialdiaren edizio bat, aurten, 42garren urtea bete baitu hiriari mundu mailako sona ematen dion Bande Dessinée, komikien, jaialdiak. Iraultza Frantsesaren garaian izena aldatu zioten hiriari, Frantziako erregeen Valois adarretik zetorrelako, eta «Montagne-Charente» ukan zuen bere naturari lotutako izen.

Euskal Herritik Pariserako bidean, trenez, askori egingo zaie deigarri hiria, bere eraikuntza historiko ederra ikus baitaiteke leihotik, baina batez ere, TGV supersonikoak, euskal agintari batzuek goraipatzen duten abiadura handiko trenak, Anguleman ez baitu abiadura berezirik hartua oraino; Hendaiatik Poitiersera iristeko tren arruntak adina denbora behar du. Paisaia politak bistaratzeko manera bakarra bestalde, alferrik litzateke bestela.

Aurten, «Charlie Hebdo»-k zentralizatu du jaialdia, baita sektorearen kezkak ere, gero eta zailagoa baita sorkuntza bide honi eustea, dela salmenten beititzeagatik, dela instituzioen laguntza ezagatik. Milaka komikiren artean antzeman zitekeen Fermin Muguruzaren azken lana, «Black is Beltza», han aurkezteko ahalegina egin duelako euskal artista handiak. Euskaldun batzuk joan-etorrian, komikien maitaleentzat galdu ezinezko zita bihurtu da Angulemakoa, ez hainbeste euskal argitaletxeentzat, nahiz gero eta gehiago diren hara begira jarriak, agian, Euskal Herrian komikigintza indartzen ari dela iduri baitu, behintzat, lurrikara kulturala sortu du «H28» euskarazko hilabetekari satirikoak gure lurretan, eta luzarako izan dadin baino ezin zaio desira. Orain urte batzuk, Dani Fano komikigileari irakurri nion «zainketa berezien gelan gaude, gazura tantaka hartzen» kezkagarria. Gelatik ateratzeko, sormenaz gain, AHT bezalako proiektu munstroei zuzendutako laguntza ekonomikotik zerbait beharko da.