GARA ZUBIRI

Zubirin izango dute gaur jarraipena Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenek

Bigarren asteburua izango du honakoa 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Oholtzan, Saioa Alkaiza, Joseba Beltza Bengoetxea, Amaia Elizagoien, Oskar Estanga, Aimar Karrika eta Sarai Robles.

Bigarren asteburuari ekingo dio gaur Nafarroako Bertsolari Txapelketak bere 2015eko ibilbidean. Iruñean eta Irurtzunen iragan larunbat eta igandean jokatutako saioen ondoren, Zubirin izango da gaur Nafarroako bertsolaritzaren hitzordu nagusia. Final-laurdenekoa arratsaldeko bost eta erdietan abiatuko da, Gautxori jatetxean.

Oholtza gainean, txapelaren eskuratzeko bidea urratu beharko duten beste sei bertsolari. Kasu honetan, Saioa Alkaiza, Joseba Beltza Bengoetxea, Amaia Elizagoien, Oskar Estanga, Aimar Karrika eta Sarai Robles arituko dira kantuan.

Egin beharreko lanak, ondokoak: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; eta binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian. Kartzelako lanetan, bere aldetik, banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian osatu beharko dituzte.

Sarrerak Gautxori jatetxean eta Bertsosarrerak.eus web orrialdean egongo dira salgai. Bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat 4 euroko prezioa izango dute; gainerako ikusleentzat, 6 eurokoa.

Barberena eta Soto

Nafarroako Bertsolari Txapelketan jokatzen den hirugarren final laurdena izango da gaurkoa. Pasa den asteburuan Iruñeko Katakrak aretoan abiatu zen lehia eta ordu hartan Jon Barberenak egin zuen saiorik onena. Hurrengo egunean lehia Irurtzunera igaro zen eta bertan Julio Sotok lortu zuen puntuaziorik altuena.

Aurtengo txapelketa inoizko parte hartze handiena izaten ari da. Orotara 33 bertsolarik eman zuten lehiarako izena eta, jende kopuru anitza zela-eta, iragan abenduan kanporaketa bat egin zen Nafarroako hiriburuan. Azkenean, txapelketa hasterako, 30 dira aurtengo txapela eskuratzeko bidea abiatu dutenak. Xabier Silveira 2013ko irabazlea ez da aurten lehiaketan parte hartzen ari.