GARA DONOSTIA

Lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua aurkitu dute Danimarkan

Esteve Materrak 1617an argitaraturiko «Doctrina Christiana» galduta egon da azken mendeetan eta erabat ezezaguna zen. Danimarkako Errege Bibliotekan aurkitu dute orain lehen edizioko ale bat. Aziti Bihia elkarteak egin du aurkikuntza eta EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen, aurkeztu zuen atzo. Argitaratzeko asmoz, edizio berria prestatzen ari dira dagoeneko.

«Doctrina Christiana»-k 1617an ikusi zuen argia, Bordelen. Horrela eman zitzaion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan -besteak beste Axularren «Gero»-n- erabiliko zen euskalki literarioari (lapurtera klasikoa), mende zenbait beranduago euskara baturako eredu izanen zen horri.

Lapurtera klasikoaren opera prima hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetako bat ere bada. Horren aurretik inprimatutakoak gutxi batzuk dira: Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae» (1545), Leizarragaren «Testamentu Berria, Kalendrera eta ABCa» (1571), Betolatza arabarraren dotrina elebiduna (1596), «Refranes y sentencias» errefrau bilduma (1596) eta Elsoren dotrina, egun galdua eta ezezaguna dena.

Lehen edizioa 1617koa bada ere, bere edukia eta itxura erabat ezezagunak izan dira garai guztietako irakurle eta ikertzaileentzat. Autoreaz informazio urria dagoela jakinarazi du Aziti Bihia elkarteak. Idazle frantziskotar hori, Kontrarreformaren une gorenean eta Inkisizioaren txingarren beroan, Gaskoniatik Lapurdira bidali zuten, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz, eta Ipar Euskal Herrian eman zituen urte gutxietan, Saran, euskara ikasi zuen erritmo bizian, «dotrina euskara bikainean eta ziztu batean idazteraino».