Arantxa MANTEROLA

EHLGko zuzendaritza berriak orain arteko ildo emankorrari eutsiko dio

Hamar urteko muga sinbolikoa gaindituta, Euskal Herriko Laborantza Ganberak hainbat aldaketa egin ditu funtzionatzeko eran eta ordezkaritzan. Aurrerantzean bi lehendakari izango ditu -Beñat Molimos eta Francis Poineau- eta, besteren artean, erakunde eta hautetsiekin lana biderkatuko dute. Orain artean jorratu duten bidearen emaitza onak ikusirik, laborantza iraunkor eta herrikoia sustatzen eta laborariak laguntzen jarraituko du elkarteak.

Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) zuzendaritza berritu du. Karguetan berriak izaki ere, aurpegiak jada ezagunak dira Ipar Euskal Herrian laborantza herrikoi eta iraunkorra bultzatzen duen elkartean aspaldi lanean ari baitira.

Duela hamar urte sortu zenetik, presidente lanetan aritu den Mixel Berhokoirigoinen ardurak bi kideren artean banatuko dituzte orain, Beñat Molimos eta Francis Poineauren artean, hain zuzen ere. Biek ala biek beren laborari lanari eutsi nahi diote eta horregatik, besteak beste, deliberatu dute kargua bien artean banatzea.

Horrez gain, elkartea sortu zenetik EHLGk bere gain hartzen dituen lan-arloak asko emendatu dira eta bide horretan segitu nahi dute. Gainera, laborariekin eta laborantza eremuko eragileekin ez ezik, indar berezia egin nahi dute erakunde eta hautetsiekin hartu-emanak sustatzeko, «nekazaritzak lurralde garapenean zerikusi handia duelako». Beraz, lan zama ere handitu egingo da. «Horregatik guztiagatik, aldaketak ez dira soilik ordezkarietan egin, funtzionamenduan ere bai», esan zuen Molimosek atzo, Baionan.

Bi presidenteekin batera, Daniel Barberena, Panpi Olaizola eta Iker Elosegik osatuko dute zuzendaritza. Seigarren kidea hautatze bidean da eta «hainbat hobe emakumezkoa balitz» adierazi zuten oraingoz gizonezkoak soilik daudela ikusita.

Ekoizpen sareak sustatu

Lehengo lan ildoei jarraiki, laborariak izapide administratibo konplexuetan laguntzea, etxaldeen eskualdaketak eta laborari gazteen instalazioak bereziki zaintzea eta ekoizpen sareak hobetu eta biderkatzea dute xede.

«Hainbat ekoizpenen sare edo marken sorrera bultzatu dugu, esaterako, euskal ogiarena, haragiarena, bertako ekilore edo koltza olioarena, Itsasuko gereziarena. Bide hori jorratzen segitu nahi dugu, emaitza onak bistakoak direlako, bai balio erantsiaren aldetik eta bai elkarlanak dituen onurengatik ere», esan zuen Poineauk. Izan ere, bi presidenteen ustetan, «laborariak bere txokoan, indibidualismoan geratzeko joera du, eta hori ez da bide egokia. Sareko ekimenei lotzen zaionean, bere eta oro har laborantzaren garapena ere laguntzen du».

Bisitak eta lekukotzak

Laborantza iraunkorra «zerbait zehatza eta erreala» dela erakusteko antolatu dituzten jardunaldien berri eman zuen Daniel Barberenak. Hala, gaur bertan Itsasun gerezi eta fruitu baratze baten bisitaldia prestatu dute ekoizpenen kalitatea eta lurraldearen garapena nola lotzen diren ikusteko. Martxoaren 5ean, Suhuskuneko Amestoia etxaldean naturarekin nola lan egiten duten erakutsiko dute. Hilaren 17an, berriz, Aiherrako baserri baten eskualdaketaren adibide bat azalduko dute. Apirilaren 8an, janari-autonomia lortze aldera Burgue-Erreiti eta Donibane Garazin olioaren ekoizpenak ikusgai izango dira eta, 11n Ainhoan Natura 2000 programaren barnean plantan ezarritako ekimenak erakutsiko dituzte.

Herri Elkargo bakarra lagungarri izango delako itxaropenean

EHLG sortu zenean, laborantza iraunkorra sustatzearekin batera, Zuberoa, Lapurdi, Nafarroa Behereko nekazaritzarentzat Laborantza Ganbera ofiziala eratzea zuten xede nagusia. Hamar urte igarota, eta «ahalegin guztiak» egin dituzten arren ez dute erakunde hori sortzea lortu.

«Guk egin ahal genuena egin dugu baina laborantzaren esparru instituzionala ez da mugitu, nahiz eta mugimenduak izan diren», esan zuen Mixel Berhokoirigoinek, Ipar Euskal Herria erakundetzeko prozesuan izan diren aitzinamenduei aipu eginda.

Hain zuzen, erakundetze orokor horren bidean izango den bilakaerarekin edota egingo diren urratsekin lotua ikusten dute berezko laborantza ganbera bat erdiestea. Horregatik Lurralde Elkargo edo Kolektibitatearen aukera babestu eta bultzatzen du EHLGk.

Bide horretan, ordea, beste hainbat eragile bezala, ados agertu dira Batera plataformak berrikitan Herri Elkargo bakarraren aukera jorratzeko plazaratutako erabakiarekin ere, nahiz eta aukera horrek laborantzarentzat ez duen egitura berezirik ahalbidetuko. «Laborantzaren esparrua Estatuaren eskumen zuzena da eta Herri edo Hiri Elkargo bakarrak ez du, berez, gure helburuentzat deus ekarriko», nabarmendu zuen orain arte EHLGko buru izan denak.

Halere, Ipar Euskal Herrirako marko instituzional bat izateak «gauzak erraztuko» lituzkeelakoan daude. «Testuingurua bederen lagungarriago izango litzatekeela pentsatzen dugu eta gure laborantza garatzeko beharrezkoa dugun egitura propioaren bidea urratzeko ere errazagoa izango litzateke», gaineratu zuen. A.M.