GARA DONOSTIA

Erreformak arbuiatzeaz gain, beren eredua eraikitzen hasi dira ikasleak

«Erreformei planto, eraikuntzara salto!» oihua zabaldu zuten atzo ikasleek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Mobilizazio jendetsuak gidatu zituen leloak zioen bezala, xedea bikoitza zen: Gobernu espainolak hezkuntzan ezarri nahi dituen erreformak salatzea eta amesten duten sistema eraikitzen hasteko konpromisoak hartzera deitzea. Herri unibertsitateak antolatuko dituzte, eta DBH eta Batxilergoan ere eduki propioen alde borrokatuko dira.

Klaseko aulkietatik askatu eta kaleak bete zituzten atzo gazteek, Ikasle Abertzaleek antolatutako mobilizazioetan parte hartuz. Talde honek jakinarazi zuenez, 13.000 lagun batu ziren deialdira Hego Euskal Herrian Lomce, Heziberri eta EU2015 unibertsitate erreformei planto egiteko. Unibertsitateko erreformaren kasuan, orain dela gutxi Parlamentu espainolak onartutako 3+2 karrera eredua gaitzetsi zuten.

Eredu honek 3 urteko gradua eta bi urteko masterra ezartzen du (gaur egungo eredua 4+1ekoa da). Aldaketak, besteak beste, ikasketak garestitzea dakar, masterrek kostu handia dutelako. «Eskolatzea garestitu duzue, zuen ideia merke saltzeko»; halako mezuak irakur zitezkeen ikasleek eusten zituzten pankartetan. Kalitatezko eta doako hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatu zuten.

«Herriaren kontrako erreforma hauek aurrera doaz hezkuntza komunitatearen gehiengoa aurka», salatu zuten.

Beren balorazioan, Ikasle Abertzaleek eta beste talde batzuekin batera sortu berri duen Jaikialdia plataformak plantoa «masibo bezain tinkoa» izan zela esan zuten (bide batez, euren mobilizazioa eta Ikasle Sindikatuaren Estatu espainol mailako greba bi gauza ezberdin izan zirela argitu zuten). Baina, gaineratu zutenez, helburuak ez dira beteko alternatiba praktikoak eraikitzera salto egin ezean. Horretarako, martxoaren 16tik 18ra lekuan lekuko ikasle mugimenduak herri unibertsitateak martxan jarriko ditu.

«Nahiz eta kolore guztietako poliziek goizean goizetik ikasleak jazarri dituzten (herri bezala ukatzen gaituen eliteen interesen mesedetan) ikasleok kaleak hartu ditugu. Ezin dugu onartu indar polizialak campus zein ikastetxeetan sartzea», defendatu zuten gazteek. Era berean, larritzat jo zuten «erregimenaren eskuetan dauden komunikabideek aldarrikapenak eta edukiak desitxuratu izana, gertatutako liskar bakanak nabarmenduz».

Kritikatu zutenez, «eserialdi baketsuen aurrean Polizia biolentziaz oldartu» eta hainbat ikasle zauritu zen Bilbon eta Gasteizen. Bestalde, Bilbon «zentzurik gabe» atxilotutako ikaslea jada kalean zegoela nabarmendu zuten.

Hurrengo zita martxoaren 18an

Mobilizazio guztiak mezu berarekin bukatu ziren, eraikuntzara salto egiteko deialdiarekin. «Lekuan leku prestatzen ari gara proiektuen arteko talka irudikatuko duten alternatiba praktikoak». Martxoaren 18an dinamika horiek plazaratuko dituzte.

Efe agentziak Lakuako Segurtasun Saileko iturriak aipatuz azaldu zuenez, martxetako parte-hartzaileetako batzuek edukiontziak gurutzatu zituzten Gasteizko unibertsitate campusean eta «harriak eta botilak jaurti zizkieten ertzainei».

Manifestarietako bat zauritu zela eta Santiago Ospitalera eraman zutela esan zuen iturri berak. Gaineratu zuenez, bi lagun identifikatu, eta auto batzuk kaltetu ziren. Bilbon ere, manifestazioa bukatu ondotik, tirabirak izan zirela agertu zuen. Pertsona bat atxilotu eta beste bat inputatu zuten «desobedientzia larria, irainak eta mehatxuak» egotzita.