Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Hezkuntza eta lanaz

Patronalak lehengo lepotik burua. Argudio zaharrekin datoz gazteria jopuntuan jartzera. Alferrak garela dio Jose Luis Lopez Gil Bizkaiko Patronalaren Metaleko arduradunak. Gazteok nahiago dugu, bere ustez, «moketa», gizonak bezala eskuak zikintzen diren lanetan jardutea baino. Aurpegi galanta behar da langabezian edo lan prekarioetan dabilen belaunaldi oso bati halakoa aurpegiratzeko.

Gaindegiak kaleratu berri duen «Formakuntza Euskal Herrian» txostenak egoera gordina mahaigaineratu du. Goi mailako ikasketetan Europan txapeldunak gara, baina ez dugu ikasitako horretan lan egiteko aukerarik. Ondorioz, ikasketa aldia luzatzen dugu eta atzerrira joaten gara. Enpresa txikietara jo eta eurek behar duten perfil espezializatuko jenderik ez dutela aurkitzen diote berriz.

Zerbait gaizki egiten ari gara. Euskal Herriko produkzio sarea desegiten ari da pixkanaka. Datuek hori diote. Eta Grezia zein Latinoamerikako esperientziak ikustea besterik ez dago ohartzeko produkzio sare indartsua ez duen herriak ez duela etorkizunik, finantza sistema espekulatiboan oinarritutako sistemak aldeak sakondu eta ez duelako ez lanposturik ez onura sozial zein materialik eragiten.

Gogoan dut Bolognaren aurkako borrokaren garaian, ikasketen merkantilizazio arriskua zela-eta, hezkuntza eta enpresen arteko lotura salatzen genuela irmo. Baina dena ez da zuria edo beltza. Hezkuntza ez da enpresen nahien meneko izan behar, baina bien arteko koordinazioa ezinbestekoa da. Ezinbestekoa da Euskal Herriko produkzio eta industria plan bat. Dauden beharrizan sozialak eta lan beharrizanak identifikatu eta hezkuntza plan horren arabera antolatzeko.

Zer zentzu du behar baino mediku gehiago hezteak, elektrizistak behar baditugu? Guztiei prestigioa emanez, eta ez ikasle txar eta onen eredu klasistarako baliatuz ikasketa mailak. Eta era berean, beharrezkoa da halako plana Euskal Herriko lurralde antolaketa koherente bat egiteko. Guzti hori, noski, gazteon enplegu duina eta eskubide guztiak bermatuz egin behar da, adabakiak jartzen arituko ginateke bestela.

EAEn, Angel Toña Enplegu eta Politika Sozialen sailburu berriak bere estrategiaren erdigunean gazteon enplegua jarriko duela adierazi du. Poztekoa da. Badakigu, ordea, Lehen Aukera plana zer den: enpresariekiko klientelismoa eta gazteontzat praktikaldi prekarioak.

Lan, formazio eta produkzio sarearen gaian guztiok herri perspektiban lan egiten hasten ez bagara, jai dugu herri gisa.