GARA GASTEIZ

Herri Hizkeren Atlasaren 6. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 6. liburukia aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak Gasteizen. Seigarren ale honek aditz morfologia lantzen du, gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertzen ditu, eta, liburukiarekin batera, edukia PDF formatuan jasotzen duen CD-ROM bat ere argitaratu dute.

Aurkezpenean Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu zuenez, «aurrera goaz, zeren eta honelako egitasmo bat bene-benetan egitasmo nazionala da Euskal Herri honentzat. Atlasak euskararen kolore eta soinu guztiak hartzen ditu, guztiok gaude ordezkaturik Atlas honetan».

Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoaren hitzetan, «altxor aberats batek, ugaria izanagatik, baldin ez bada ondo sailkatzen eta erabilgarri jartzen, armiarma eta hauts artean estalirik geratzeko arriskua du. Euskaltzaindiak ahalegin handi bat egin du, gure herri erakundeen babesari esker, ondare hori gizartearen zerbitzutan jartzeko. Gaur [atzo] aurkezten dugun seigarren liburukia da horren adierazgarri ona, Euskaltzaindiaren webgunean paperezko euskarri astun honetan baino erosoago kontsultatu ahal izango duzuena. Soinuen bertsioa ere badu, urratsez urrats entzungarri jartzen goazena».

Aurrekoak bezala, EHHAren liburuki berria Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Euskaltzaindiak, eta bertako Negozio Garapenaren Areako zuzendari Xabier Egibarren esanetan, Atlasa «ezinbesteko proiektua da euskararentzat». Egibarrek eskerrak eman zizkien proiektuan parte hartu duten guztiei eta bereziki gogoan izan du Jean Haritschelar zena, EHHAren lehen zuzendari akademikoa izan zena.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren lehen eta bigarren liburukiak 2010. urtean aurkeztu ziren, eta geroztik Euskaltzaindiak ia urtero argitaratu du berri bat.