Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Kaloreta eta inbiernoa

Nafarra naizen eta Nafarroa Garaiak trantsizioan pairatu zuena ikertu dudan aldetik, beti izan dut Valènciarekiko lotura berezia. Gatazka handi eta garrantzitsuak lehertu ziren bi lurraldeetan Franco hil ondotik. Erreformaren eta hausturaren aldekoen arteko lehiak izan ziren, espainiar Estatuaren jarraipenak euskal eta katalan lurraldeen zatiketa eskatzen zuelako. Espainiar geopolitikak geure geopolitikaren haustura behar zuen halabeharrez. Eta, jakina, halakoak jokoan daudelarik, akabo herriaren iritzia!

València hiria eta oro har País Valencià osoa lehia esparru bilakatu ziren. Hizkuntza, nortasuna, lurraldetasuna, zulo guziak trintxera bihurtu ziren. Gogorra izan zen lurralde katalanen batasunaren defendatzaileen egoera. Izugarrizko erasoa jaso zuten. Komunitate autonomo bilakatuta, gutxiengoaren estatusa egokitu zitzaien. Hizkuntza lehiaren esparru nagusietako bat izan zen: valentziera asmatu zuten boteretik, katalantasuna ukatzeko. Patetikoa izan zen, eta oraingoz ere bada, hizkuntza baten adierazpen ezberdinak elkarren kontra jartzeko obsesioa. Baina emankorra ere izan zen, tamalez.

Urteak pasatu dira eta hizkuntzaren auzia bizi-bizirik dago. Batzuek baliatu nahi zuten katalanak ez zirela adierazteko, baina beste batzuek, zuzenean, baztertu egin dute. Politikari eta gobernari askok ez dute inolako sentsibilitaterik izan País Valenciàren hizkuntzarekiko. Horietako bat dugu Rita Barbera. Irudi ederra eskaini zuen lehengoan Rita Barberak hizkuntza torturatuz. Berak ere ez zekien zer zioen. «Zurian gelditu» zela aipatu zuen gerora, barkamena eskatzeko edo. Zurikeria kontua bada, bai, baina batez ere mespretxua adierazi zuen. Hala gertatzen da gauza guziekin trafikatzen delarik. Finean, Barberaren espektakulu tamalgarria Valentziako Batailaren ondorioen irudi gordina da.

Bai, valentziarrek badute negu luzea atzean uzteko eskubidea. Irabazi dute jada, pairatu dutena aintzat hartuta. Ez dute halako politikaririk merezi. Batzuek esan dute herri osoa erridikulizatu duela alkateak. Ez dakit, beharbada gertatutakoa aldaketarako bultzada izanen da eta Barbera halakoak egiteko aukera gehiagorik gabe uzteko balioko du.

Anartean, ez dago gaizki erregimen ustela ongi adierazten duen politikari zikin horrekin barre egitea. Irri egin dezagun, ez lagun valentziarrez, baizik eta lagun valentziarrekin batera, kaloretaz!