Martxelo DIAZ

Oinez Gailurra-k Baztan Ikastolari laguntzeko aukera emango du

Bi berrikuntza ditu aurten Oinez Gailurra ekimenak. Alde batetik, Baztango 15 herrietan ibilbideak egiteko aukera ematen du eta, bestetik, Erribera eta Erdialdeko baratzeak ezagutzeko parada. Iaz antolatu zuten lehen aldiz mendia eta euskara uztartzen dituen ekimen hau.

Baztan Ikastolak antolatuta, aurtengo Nafarroa Oinezek ere eutsiko dio iaz Zangozan abiatu zuten Oinez Gailurra ekimenari. Mendizaletasunari eta euskarari sostengua emateko aukera ematen du Oinez Gailurrak.

Iaz bezala, Internet bidez izena eman ondoren (www.oinezgailurra.eus helbidean) antolatzaileek Oinezen banderola bana igorriko diete parte-hartzaileei. Bakoitzak nahi duen gailurra aukera dezake lagunekin edo bakarrik igotzeko. Ordainetan, ikastolaren aldeko diru kopuru bat eman behar da.

«Banderatxo hori igoeraren egunean eramatera eta ibilbidean edo gailurrean argazki zein bideotxo bat egitera deitzen diegu parte hartzaileei, ondoren Oinez Gailurreko webgunean zintzilikatzeko», azaldu zuen ekimenaren antolatzaileetako Ramuntxo Garmendiak.

Aurten bi berrikuntza daude. Web orrialdean Baztanen zehar ibilbideak egiteko aukera ematen da. Hamabost ibilbide prestatu dituzte, Baztan bailara osatzen duten hamabost herriko bana. Txangoak Baztango ondarea eta kultura gertutik ezagutzeko prestatu dira eta bi zailtasun maila dituzte. Lau kuarteletan elkartzen dira Baztango hamabost herriak: Baztangoiza, Elizondo, Erebera eta Basaburua. Ibilbideak kuartelka prestatu dira eta Baztangoizakoak jada webgunean dira eta GPSra jaisteko prest.

Bigarren ibilbide sortari Oinez Gutarra izena jarri diote, Nafarroako ikastolen festaren babesle den kontserba etxeari esker ona adierazteko. Erribera eta Erdialdeko baratzeak gertutik erakustea da helburua, babesleak merkaturatzen dituen produktuak ezagutarazteko.

Baztan ikastola duela 35 urte sortu zuen bailara honetako guraso talde batek, euren seme-alabek euskaraz ikas zezaten, garai hartan ez baitzegoen beste aukerarik bertan. «Euskal kulturaren aldeko apustua egin zuten eta auzolana erabili zuten horretarako. Gaur ere bide beretik goaz», nabarmendu zuen ikastolako zuzendari Josune Ortegak.

Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaritzako kide Marta Igoak azpimarratu zuenez, Nafarroa Oinez ez da egun batera mugatzen den festa, ekitaldiak urte osoan egiten direlako. «Aurten 35. edizioa dugu, baina ez diegu berrikuntzei uko egiten», esan zuen.

«Bederatzi hilabete falta dira urriaren 18an Nafarroa Oinez ospatzeko, baina lanean ari gara dagoeneko», esan zuen Ortegak.