GARA

Euskaraz Bizi Eguna apirilaren 18an ospatuko da Otxandion

Otxandio izango da aurtengo Euskaraz Bizi Eguna jasoko duen herria, atzo Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak jakitera eman zuenez.

«Otxandio herri euskalduna da. Euskararen arnasgune txikia eta euskaldunon babesgune handia. Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da otxandiarrena. Eta horregatik aukeratu dugu, beste gauza askoren artean, aurtengo Euskaraz Bizi Eguna hartzeko», azaldu zuten Nestor Esteban eta Koldo Zarate EHEko kideek.

«Hemen mundu guztia euskararen alde dago, euskararen kontra frontalki daudenak barne. Euskararen alde egotea ez da aski. Geldirik dagoena ez doa inora, ez da inora iristen. Bidea oinez egiten da, eta urratsik egiten ez duenak ez du biderik egiten. Mahatsik zapaldu gabe ardorik ez baitago, Urepeletik Bilbora Korrika joango gara. Egiten badugu lor dezakegu. Ez badugu egiten... ez dugu lortuko. Euskararen eta euskaldunon alde mugimendua indartzea beharrezko ikusten dugu. Izan, egin eta eragin!», gaineratu zuten.

Aurtengoa Euskaraz Bizi Egunaren seigarren edizioa izango da. Etxarri Aranatzen hasi zuten ibilbideak Gernikan, Donostian, Agoitzen eta Gasteizen izan zituen hurrengo geltokiak.

«Euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara. Geldirik bagaude, isil-isilik, akabo», nabarmendu zuten EHEko kideek Bilbon egin zuten agerraldian.